2020-10-20 12:34
ELAk salatu du ere euskal erakundeek baztertu egin dutela zerga-erreforma bat egitea beharrezko baliabideak lortzeko; erreformak zerga handiagoak ezarri beharko lizkieke enpresen etekinei, kapitalari, ondasunei eta errenta altuei.

Aurreko astean Finantzen Euskal Kontseiluan EAEko erakundeek aurkeztu zituzten diru-bilketaren inguruko aurreikuspenek adierazten dute egoera oso larrian gaudela. Krisi sanitario, ekonomiko eta sozial lazgarria pairatzen ari gara; horren isla, aurten diru-bilketak izango duen jaitsiera handia eta datorren urterako espero den susperraldi motela.

Honelako krisi batek eskatzen du arlo publikoak askoz ahalegin handiagoa egitea:

  • Osasungintza publikoa izaten ari da pandemia borrokatzeko zutabe nagusia, baina dituen bitartekoak ez dira nahikoak.

  • Menpekotasun zerbitzuen estaldura nabarmen geratu da. Gauza bera esan dezakegu hezkuntzari buruz ere.

  • Gizarte-prestazioak gehietu eta oinarrizko eskubideen aitortza ezinbestekoa da egoera honetan: Hala eskatzen dute langabezia, pobrezia eta desberdintasunaren gorakadak, ERTEpean dagoen langile kopuru handiak edota etxeko mantentze-gastuei aurre egiteko zein hipoteka eta errentak ordaintzeko zailtasunek.

Bada, beharrizan horiek osatu ordez, aurrekontuak behar bezala igoz, Eusko Jaurlaritzak 2021erako iragarri du, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren bidez, “murriztailea izango ez den aurrekontua” egingo duela. Hau ontzat emanda ere -eta oso eskuzabala izan behar da horretarako-, agerikoa da Eusko Jaurlaritzak saihestu egiten nahi duela egoeraren tamainako erantzuna ematea, eta proposatuko duen aurrekontua izango dela pandemiarik ez balego bezalakoa, egoera hain larrian ez bageunde bezala.

Eusko Jaurlaritzaren erabaki hau are larriagoa da kontutan izanik Europar Batasunean eta espainiar Estatuan erakunde guztietarako eten egin direla aurrekontuen inguruko arauak. Hau da, kendu egin da defizit publikoaren muga edota aurrekontua portzentaje jakin batetik gora gehitzeko debekua. Haatik, Jaurlaritzak bere buruari defizit muga bat ezarri dio 2021erako, BPGaren %2,2koa. ELAk salatu du gobernuak muga hau (zeina Europako beste erakunde batek ere ez duen izango) baliatu nahi duela aurrekontua ezin duela igo esateko aitzakia gisa, eta hau goitik behera gezurra da.

Beraz, ELAk Eusko Jaurlaritzari galdegingo dio 2021erako aurrekontuan igoera handia ezar dezala, zerbitzu publikoek (osasungintza, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak...) behar bezalako baliabideak izan ditzaten. Halaber, eskatuko dugu DSBEaren zenbatekoan ezartzen ari diren murrizketak bertan behera uzteko eta Jaurlaritzak uko egin diezaiola DSBEaren erreformari (aurreko legegintzaldian honi buruz EAJk eta PSEk plazaratu zuten proposamena), eta lege berri bat onar dadila Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren eta bazterkeria sozialaren kontra bultzatu zuen HELa aintzat hartzeko.

Azkenik, ELAren ustez harrigarria da Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek zerga-erreforma ez egiteko jarreran tematzea, enpresen etekinei, kapitalari, ondasunei eta errenta altuei gehiago ordainarazte aldera. Batetik, EAEko zerga-presioa Europako azken postuetan dagoelako. Bestetik, 2008ko krisiaren ostean gertatu zenak argi utzi zuen zorra gehitzea, diru-bilketaren jaitsierari aurre egiteko, oso epe motzeko irtenbidea dela, gero zorraren kitapena bilakatzen baita lehentasun, baita arlo sozialean era guztietako murrizketak ezartzeko aitzakia ere. OECDk eta NDFk ere fiskalitatea goian aipatutako zentzuan aldatu beharra eskatzen ari direnean Aldundiek eta Jaurlaritzak halako erreforma bat ukatzean berriz ere agerian uzten dute beren politikak gutxiengo baten sasiko interesen mesedetan ezartzen direla, eta ez gehiengo sozialen aldea.

Horrenbestez, ELAk galdegingo du aurrekontu sozialak zeharo gehitzea eta zerga-erreforma bat, zeinak diru-bilketa asko hobetuko duen eta fiskalitatean justizia handiagoa ezarriko duen Halaber, sindikatuak aldarrikapen hauek lantokietara eta kalera eramango ditu, orain arte bezala. Izan ere, mobilizazioa eta borroka baitira egoerak eskatzen duen politika aldaketa iristeko modu bakarra.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.