2021-09-20 14:10
Urriaren 1ean espetxeen eskuduntza transferituko dela eta, gaur izan da EAEko espetxeetako langileen baldintzak negoziatzeko lantaldearen azken bilera. Bilera horretan Gobernuak proposamen bat aurkeztu du, baina joan den astean aldebiko bileretan aurkeztutakoaren oso antzekoa da (proposamen hori dokumentu batean jasota geratuko da eta asteazkenean, hilaren 22an, sinatzeko deia egiteko asmoa du). ELAren ustez, argi dago Eusko Jaurlaritzak egungo lan baldintzei eutsi nahi diela, estatuko eredua onartuz eta bertako eredua garatzeari uko eginez.

ELAk berriro esan dio Jaurlaritzari, 40 urtez transferentziaren esperoan egon ondoren, espetxe-sistema propioaren alde egin behar duela, azken helburua presoen bergizarteratzea izan behar duena. Horretarako, ezinbestekoa da sistema hori publikoa eta humanoagoa izatea, eta preso daudenen eskubideak zorrotz errespetatzea, batik bat emakumeen kasuan. Horretarako ezinbestekoa da bertoko espetxe-sistema izatea, langileentzako baldintza duinak bermatuko dituena.

Lan baldintzetan hobetu beharrekoak dira soldatak, ordutegiak eta lanaldia, Administrazio Autonomoko beste langileekiko diskriminaziorik gabe, beti ere kontuan izanik urteko 365 egunez eta eguneko 24 orduz pertsonekin lan egin beharrak dituen ezaugarri bereziak.

Ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzak argi esan dezan zein espetxe eredu nahi duen eta lan hori egiteko behar den lantaldea; egungo Lanpostu Zerrenda zabaldu egin behar da espetxeetako benetako beharrizanei egokitzeko, hartara langileen ordezkariekin adostutako Lan Eskaintza Publikoak eginez. Lan poltsak ez dira irtenbide ona lantaldea txikiegia denean eta zati handi bat epe laburrean erretiratzekoa denean.

Halaber, espetxeen sektorean mamia duen Berdintasun Plan bat negoziatu behar da, baita euskalduntzeko plan bat ere, erreferentziatzat lantaldearen errealitatea hartuz.

Bestalde, ELAren iritziz ezinbestekoa da espetxeetako langileentzako prestakuntza plan bat sortzea, beti ere haien osasun eta segurtasuna bermatuz.

Horregatik, ELAk Jaurlaritzari eskatu dio negoziazioa ez dezala amaitu, eta aldarri horiei aintzat hartuko dituen dokumentu berri bat aurkezteko.

Gaur bertan ELAko ordezkariek EAEko hiru espetxeetan batzarrak egin dituzte; horietan langileen zati handi batek babesa eman diete sindikatuak mahai gainean jarritako proposamenei. Litekeena da mobilizazioak antolatzea Gobernuak negoziazioa amaitutzat ematen badu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.