2020-03-27 14:01
Gaur, martxoak 27, Sidenor Basauriko langileek protesta ekitaldia egin dute gehiengo sindikalak egindako deialdiarekin bat eginez. Deialdi horrek jarraipena izan du Euskal Herriko beste lantoki askotan, eta osasun publikoa lehenestea eskatzen du, interes ekonomikoa lehenestea nahiago duten patronalen eta gobernuen erabakiaren kontra. Protestara komunikabide ezberdinak joan dira. Enpresa Batzordeko kideek salatu dutenez, Sidenor Basauriko instalazioetan, Koronabirusaren mehatxuari aurre egiteko hartu beharreko neurriak ez dira betetzen ari. Behin komunikabideen aurreko esku-hartzea amaituta, Ertzaintzako patruila bat Batzordeko kideengana joan da, eta debekatu egin die protesta ekitaldia egitea, enpresaren instalazioen barruan egiten ari ziren arren. Enpresa Batzordeak Ertzaintzaren jarrera gaitzetsi du, eta lantegian sartzeko eskatu die, Sidenorren dauden segurtasun-neurrien faltak egiaztatu ahal izateko.

Patruilak ez du nahi izan barrura sartu, eta protesta desegitera mugatu da. Tamalez, berriro ere frogatu da Eusko Jaurlaritzak zuzendutako Ertzaintza enpresa-klaseen interesei zerbitzatzeko baino ez dagoela, kasu honetan Sidenorreko Zuzendaritzari.

ELAtik Sidenorren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu nahi dugu, berriro ere erakusten baitute ez zaiela batere axola langileen osasuna. Kasu honetan, gainera, polizia autonomikoa erabiltzen dute Sidenorren protesta modu autoritarioan debekatzeko.

(Argazkia: Berria)

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.