2020-03-19 09:39
ELAk salatu du aurkezturiko planak enpresak finantzatzea baino ez duela bilatzen, koronabirusaren krisiak langileengan eta kolektibo ahulenengan dituen ondorioak alde batera utzita. Sindikatuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak propaganda logikari eutsiz iragarri du plan hau, Aldizkari Ofizialean neurri zehatzik onartu gabe.

ELAko Azterketa Bulegoko arduradun Mikel Novalek baieztatu du Eusko Jaurlaritzak iragarritako plan ekonomikoa argi eta garbi eskasa dela, eta patronalaren interesak bermatzera bakarrik bideratuta dagoela. Gainera, oraingoz ez da neurri zehatzik jaso.

Novalek gogorarazi du "Gobernuak hainbat neurri iragarri dituela, baina neurri horietako bakar batean ere ez diela jendearen behar sozialei erantzunik ematen". Hain zuzen ere, Gobernuak programa bat iragarri du COVID-19k sortutako osasun beharrak asetzeko 300 milioi euro bideratzeko, eta hori "premiazkoa eta saihestezina da, eta ikusiko dugu horrekin nahikoa izango den".

ELAko arduradunak adierazi duenez, "hortik harago, planak ez du zehaztasun handiagorik, baina esan daiteke enpresak finantzatzera bideratuta dagoela soil-soilik, koronabirusaren krisiak langileengan eta kolektibo ahulenengan dituen ondorioak alde batera utzita. “Jaurlaritzak 525 milioi euro bideratuko ditu enpresei abalak emateko; behar sozialei erantzuteko, ordea, zero. Horrek argi uzten du Urkulluren gobernua nora lerrokatuta dagoen”.

Plan horren gainean egindako iragarpena ikusita, Novalek zalantzan jarri du jarduteko modu hori. "Eusko Jaurlaritza ohituta dago propaganda egitera. Oso larria da halako egoera batean, alerta egoera batean, Gobernuak lehen bezala jokatzea, kea saltzen, gero Aldizkari Ofizialean neurri zehatzetara eramaten ez diren gauzez hitz egiten".

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.