2023-06-06 09:45
ELAk salatu du LABek akordioa sinatu duela EAJren eta EH Bilduren hezkuntzako akordio estrategikoa babesteko

Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Legea eztabaidatzen hasi direnean, Eusko Jaurlaritzak eta LABek orain dela bi hilabete itxitako akordioa aurkeztu berri dute. Akordioak, ordea, ez ditu konponduko Hezkuntza Legeak dituen gabezia eta mugak. ELAk gogorarazi du bi greba egun deitu zirela, hain zuzen ere, Legeak zituen gabeziak salatzeko, baina akordio horrek ez dituela arazo horiek konponduko, ezta langileen eskaerei erantzungo ere. Gauzak horrela, Pello Igeregi (Negoziazio Kolektiboaren arduraduna) eta Miren Zubizarreta (ELA Hezkuntza arduraduna) kritiko agertu dira edukiekin. Baieztatu dute akordioak ez dituela lanpostuak bermatuko, behin-behinekotasuna betikotuko duela, langileak pobretuko dituela eta euskarari kalte egingo diola.

Lanpostuak ez dira bermatuko

Lehenik eta behin, lanpostuak galtzen ari direla salatu dute. Azaldu dute arlo publikoan ikasturtearen bukaeran esleitzen ari diren baliabideak direla horren isla. Izan ere, akordioan ez da zehazten zenbat diren kolektibo bakoitzean mantendu beharreko lanpostuak, egun dauden langileak mantenduko ote diren, ezta ze mekanismo eta neurri bidez lortuko den egungo lanpostu zein langileak mantentzea. “LABek akordioa sinatu du, Hezkuntza Saila langileak kalera bidaltzen ari den bitartean”, kexu da ELA. Hezkuntza konplexutasun indizea (aldebakarrez erabakitako irizpide aldaketa) jarri du adibide gisa. Horren arabera, eskolek lanpostu gutxiagorekin egin beharko diote aurre behar berdinei. Hori salatu zuen, hain zuzen ere, ekainaren 2an, Kanpezuko Mendialde Eskolako Hezkuntza komunitateak Lakuan egindako elkarretaratzearen, alegia, 1,66 lanposturen suntsiketa salatzeko egindako kontzentrazioan. Itunpeko eskoletan, berriz, azken ikasturtetan gela itxiera kopurua handitu egin da.

Behin-behinekotasuna

Testuak dio bitartekotasuna bermatuko dela eta behin-behinekotasuna ez dela izango %5 baino handiagoa. Hezkuntza Saila, ordea, berak estrukturaltzat dituen lanpostuez ari da. Horrela, abian dauden egonkortasun prozesuen ondorioz egun dauden behin-behineko langileen kopurua ez da %8ra jaitsiko, are gutxiago %5era. Gauzak horrela, ez dira kontsolidatuko urte luzez lanean ari diren milaka langile. Ikasturtez ikasturte 32.300 langile inguru daude unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publiko osoan lanean; horietatik 15.300 behin behineko langileak dira, eta egonkortasun prozesuetara 4.742 lanpostu deituko ditu Hezkuntza Sailak. Ondorioa argia da: behin-behineko 10.560 inguru izango dira.

ELArentzat bereziki larria da ontzat ematea hezkuntza publikoko langileen %30 baino gehiago behin-behinekoa izatea.

Soldaten homologazioa

Itunpeko eta sare publikoko langileen soldatak parekatu behar dira, baina horrekin batera, KPIaren araberako soldatak bermatu behar dira. Testuak ez du, ordea, horrelakorik jasotzen. Beraz, homologazioa lortuta ere, erosahalmena galtzen jarraituko dute Hezkuntzako langileek. Egun %20tik gorakoa da Hezkuntza publikoko langileen erosahalmenaren galera. Horri gehitu behar zaio ez da ezer ere zehazten gainerako lan baldintzen inguruko homologazioari buruz.

Euskararen kaltetan

ELAk dio LABek eta Eusko Jaurlaritzak erdietsitako akordioak euskarari kalte egingo diola. Izan ere, sinatutako testuak ahalbidetuko du eskola orduen %80 ez izatea euskaraz (gaztelaniaz edo ingelesez izan ahalko direlako). “Jaurlaritzak eta LABek uko egin diote Euskarazko murgiltze ereduari”, kexu da ELA.

Euskal kurrikulum propiorik ez

Akordioa arbuiatzeko arrazoi gehiago ere badagoela dio ELAk, hala nola ez dela izango aukerarik euskal kurrikulum propioa garatzeko. “LABek ez du edukiengatik sinatu. Bildarratz sailburuak berak adierazi du Legebiltzarrean lotutako akordio politikoa arlo sindikalera hedatu nahi duela. EH Bilduk Hezkuntza Legea babestu du LAB eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa babesteko, besterik ez”, dio ELAk.

Akordioa, gutxiengoan

Bestalde, LABek gutxiengoan sinatu du sektore desberdinetan jorra daitezkeen edukiak mugatzea bilatzen duen akordio hau (Unibertsitatez kanpoko hezkuntzan sei mahai sektorialetatik lautan ez dauka gehiengorik).

ELAri oso larria iruditzen zaio LABek negoziazio mahai desberdinetara eraman ahal izango diren edukiak mugatu nahi izatea, mobilizazioa oztopatzeko asmoz. Gehitu du ez dituela muga horiek onartuko eta jarraituko duela lan baldintzen zein Hezkuntza ereduaren eraldaketaren aldeko mobilizazio eta grebak bultzatzen.

Horregatik, bihar, ekainaren 7an, agerraldia egingo du Legebiltzarrean (11:30) Hezkuntza Lege proiektuaren aurkako jarrera azaltzeko. Kanpoan langileek elkarretaratzea egingo dute, 10:45etatik 11:15etara.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.