2019-05-27 12:49
ELAk kasazio-errekurtso bat irabazi ondoren Auzitegi Gorenean, sektorean indarrean dagoen akordioa bete beharko du Eusko Jaurlaritzak, eta horren araberako balioespenaren bidez Euskal Administrazio Publikoaren mailen batez bestekoaren antzeko soldatak eta banaketak ezarri beharko ditu. Guztira, 15 milioi euro ordaindu beharko ditu.

Lanpostuen balioespen hori eginda egon behar zen 2012rako, Justiziako Kidego Orokorretako 2.400 funtzionario ingururi dagokionez; eta 2010erako, Mediku Forentseen Kidegoari dagokionez. Beraz, eta kategoriaren arabera, Euskadiko Justiziako pertsonalak, batez bestez, %20 gutxiago jaso du, jaso behar zuena baino; munta hori 15 milioi euro urtean izan daiteke. Hori dela-eta, ELAk agindu judiziala berehala betetzeko eskatzen du.

Auzitegi Gorenaren epai hori ELAk, Barakaldoko bulego judizialeko Lanpostu Zerrendaren aurka, jarri zuen erreklamazio baten emaitza da; baina, doktrina finkatzen duenez, Estatu osoko Justizia Administrazioa hartu du eraginpean. Hori horrela, Justiziako langileei egindako murrizketa ugarietako bat lehengoratu da. Izan ere, Euskal Administrazio Publikoko pertsonalaren aldean, Justiziako langileek %20ko galera izan dute eros-ahalmenean. Auzitegi Gorenak ELAri eman dio arrazoia, eta ezarrita utzi duenez lanpostu-zerrendak prestatzean ezinbestez lanpostu guztien berariazko osagarriaren zenbatekoa zehaztu behar da, banako balioespena eginez, eta haietako bakoitzaren zailtasun teknikoa, dedikazioa, erantzukizuna, bateraezintasuna, arriskua eta nekagarritasuna kontuan hartuz.

ELA beti agertu da prest lanpostuen balioespen-prozesu baten negoziazioari ekiteko, eta bere garaian itundu zen soldata-parekatzea amaitzeko. ELAren asmoa argi dago: Justiziako langileek, Eusko Jaurlaritzaren menpeko gainerako langileen aldean, pairatzen duten soldata-diskriminazioa bukatzea; baina Eusko Jaurlaritzaren borondaterik ezagatik auzitara eraman behar izan ditugu ez-betetze hau eta beste batzuk. Gaur, epai honen ostean, argi geratu da ez dagoela zuritzeko modurik, eta Eusko Jaurlaritzak balioespen-prozesu bat abiarazi behar duela, Justiziako enplegatuak gainerako enplegatuen aldean duten diskriminazioa bukatutzat jotzeko.

ELAk gogora ekarri nahi du langileen lan-baldintzak arautzen dituen oraingo Akordioak, 2010ean sinatutakoak, dioenez, lanpostuen balioespenaren ondorioz "euskal administrazio publikoko mailen batez bestekoaren antzeko soldatak eta banaketak ezarri behar direla". Parekotasun hori ez da gauzatu, nahiz eta Erkoreka sailburuak, 2013ko azaroan, Eusko Legebiltzarrean adierazi zuen lanpostuen balioespenaren inguruan bete gabe zeuden puntuak hurrengo hilabeteetan beteko zirela. Bere hitza jan du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.