2019-04-10 12:09
"Zegona britaniar inbertsio-funtsa Euskaltelen akziodun nagusia bihurtu da, eta hori beste pauso bat izan da enpresa horrek hartu duen pribatizazio eta deserrotzearen bidetik" hala adierazi du Mikel Novalek, ELAren Azterlanetako arduradunak. Gogoratu behar da 2015eko uztailaren 1ean ehunka pertsona elkarretaratu zela Bilboko burtsaren aurrean ELAk deituta Euskaltelen pribatizazioa salatzeko.

Novalek gogoratu duenez "Euskaltel 1995ean sortu zen, %100ean kapital publikoaz; Eusko Jaurlaritza izan zen partaide bat (%40arekin) eta aurrezki-kutxak (%60arekin)". Atzo argitaratu ziren datuen arabera, Kutxabanken jabetzakoa %19,88 besterik ez da, gainerakoa burtsan kotizatzen duten inbertsio-funts eta korporazioen eskuetan dago.

ELAren arduradunaren iritziz "Euskaltelen izandako pribatizazio-prozesua eskuliburukoa izan da, eta horren ondorioz sektore estrategiko bateko enpresa bultzagile baten gaineko kontrola galdu da.

Euskaltel oso enpresa errentagarria da, 2018an 92 milioi euroko etekin garbiak irabazi zituen, eta gehiena dibidenduetan banatu zen akziodunen artean. Hori horrela, lehen ekitaldietan izandako galerak sozializatu ondoren, orain etekinak pribatizatzen ari dira.

Novalek Eusko Jaurlaritzaren zurikeria salatu du, zeren Josu Erkoreka eledunak enpresaren erroak hemen mantentzeko deia egin baitu. "Eusko Jaurlaritza da gertaera horien zuzeneko erruduna, berak erabaki baitzuen enpresaren pribatizazioa, eta berak saldu akzio guztiak. Gainera, Kutxabanken desinbertsioa ere babestu du. Onartezina da orain bere erantzukizuna astindu nahi izatea, alferreko dei orokorrak eginez" adierazi du ELAko arduradunak.

Novalek gogora ekarri du "Horrelako diru-janak behin baino gehiagotan egin dira Euskaltelen, beti ere herritar guztion diruaren kontura". Inbertsio-funtsak tartean sartzea ez da kontu berria. 2012. urtean kapitalaren %50 baino gehiago enpresa pribatuen eskuetan jarri zen, eta Internacional Cable ICVk akzioen %48,1 eskuratu zuen merke-merke. Handik hiru urtera, 2015ean, Euskaltel burtsan agertu zenean, funts horrek hiru aldiz garestiago saldu zituen akzioak.

ELAk prozesu guztia salatu zuen 2015ean, eta enpresa burtsan atera zen egunean mobilizatu zen. Burtsara ateratzeaz baliatuz, zuzendaritza-taldeko 10 kideren artean 40 milioi eurotik gorako bonusa banatu zen, eta bereziki saritua suertatu zena Alberto Garcia Erauzkin lehendakaria izan zen, 9,2 milioi euro jaso baitzuen.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.