2018-12-12 12:43
EHIGE Gurasoen Elkarteak, CCOO, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuok, beste hainbat eragilerekin batera, Euskal Hezkuntza Legeari buruzko manifestua aurkeztu dugu, adierazteko prozesuarekin kritiko garela. Alde batetik Hezkuntza Sailak ez duelako argitu hezkuntza publikoa ardatz izateko pausuak eman nahi dituen ala ez, eta, bestetik, prozeduran izandako parte-hartzea ez delako demokratikoa izan. Horregatik, Euskal Hezkuntza Lege berria aldarrikatu dugu, prozesu demokratiko baten bidez definituko dena.

Honakoa da sindikatu eta eragileek adostutako testua:

2017ko irailean, Eusko Jaurlaritzak balizko hezkuntza lege baten oinarri izan nahi zuen Hezkuntza Akordio zabal bat lortzeko prozesu bat iragarri zuen. Gaur hemen gauden eragile guztiak kritiko agertu gara prozesu honekin. Lehenik eta behin, Hezkuntza sailak, daukan arduratik, ez duelako argitu zein den bere hezkuntza eredua eta zein diren bere asmoak, hau da, ez du argitu hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatz izateko pausuak emateko prest dagoen edo egungo sare banaketa kontsolidatu nahi duen. Bizi dugun egoerak berehalako esku-hartzea eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren aldetik, justizia soziala bermatuz eta eskola publikoa indartuz. Bigarrenik, prozedurari dagokionean, oinarrizko parte-hartze demokratikoaren aurkakoa izan da erabat, berak erabaki baititu bai edukiak, bai lantaldeen osaketa (zein eragilek, eta eragile bakoitzeko zein pertsonak zein lantaldetan parte hartu behar zuen, ordezkaritza kontutan hartu gabe). Eta azkenik, edukiei dagokionez, hezkuntza sistemari eragiten dioten oinarrizko hainbat gai kanpoan utzi ditu. Bereziki esanguratsua da segregazioa eta finantzazio ereduaren inguruan aipamenik ez egotea.

Prozesu horren ondorio izan da “Hezkuntzaren aldeko akordioa” deritzona, eta dokumentu honetan eta LOMCEri lotuta dagoen Heziberrin oinarrituta Euskal Hezkuntza Legea egitea adostu du Eusko Legebiltzarrak. Gaur hemen bildu garen eragileok ozen salatu nahi dugu hori ezin dela izan hezkuntza lege berri baten oinarri. Legeak adostasun zabalak behar ditu, etorkizuneko hezkuntza-sistema eta ondorioz jendartea bera ere nolakoa izango den baldintzatuko baitu. Horregatik, oinarrizko parte hartze demokratikoa bermatuko duen prozesu berri bat abiatzea eskatzen dugu, guztiok adostutako gaiekin.

 Gaur hemen bildu garen eragileen ustetan Lege berriak, gutxienez, hurrengo puntuetan oinarritutakoa izan beharko luke:

  1. Egungo sistemaren diagnostikoa jasotzen duena.
  2. Egungo sare banaketa zalantzan jarri, ituntze unibertsal politika eten eta eskola publikoa ardatz izango duen hezkuntza-sistema eraikitzeko konpromisoa izango duena.
  3. Eskola publikoa lehenetsi eta aukera berdintasuna bermatuko duen administrazioaren planifikatzeko ardura ezarriko duena.
  4. Europako bataz besteko hezkuntza inbertsioa bermatuko duena, ezinbestekoak diren lanpostuak eta baliabideak handituz.
  5. Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa inklusiboa, konpentsatzailea, integratzailea, hezkidetzailea, laikoa eta doakoa. Aukera berdintasuna, ekitatea, kohesio soziala eta kalitatea oinarri izango dituena. Egun bizi dugun segregazio egoerei aurre egingo diena.
  6. Euskal Herriarentzat curriculum propioa garatuko duena.
  7. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen murgiltze eredua ardatz duen hezkuntza eredu bakarra.
  8. Hezkuntza gizartearen zerbitzura jarri dezana, eta ez merkatuen esanetara.
  9. Hezkuntzaren kudeaketa eta erabakien oinarrian hezkuntza komunitatearen eta gizartearen parte-hartzea izatea.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.