2018-11-22 14:07
Erabateko arrakasta izan du azarorako deitutako lau greba egunetatik lehenengoan Bizkaiko etxez etxeko zerbitzuan. ELA, LAB, UGT eta USOk sindikatuok deitutako greba egunak agerian utzi du kalean enpresen eta erakundeen inplikazio eza lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Etxez etxeko langileok Bilboko udaletxetik Foru Aldundiaren Jauregiraino manifestazioa egin dugu gaur gure egoera salatzeko eta gurea berreskuratzeko momentua dela aldarrikatzeko. Izan ere, 3 urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta zerbitzuak eta lan baldintzak txartuz joan dira denbora honetan: orduak galdu ditugu, lanaldiak malgutu, eroste ahalmena galdu, etab. Laburbilduz, orain dela urte batzuk baino okerrago gaude.

Inmobilismoan hiltzatuta dagoen patronal honen aurrean eta beste aldera begiratzen duten erakundeen aurrean, sektoreko langileak greban gaude bizi dugun egoera prekarioa aldatzeko asmoz. Erakundeek publikoki adierazten dute Bizkaiko Ogasuna diru-bilketa historikoa egiten ari dela. Gure arduradun politikoei etzuten diegu soldata arrakalarekin bukatu beharra dagoela, berdintasunean aurrerapausuak eman, etab. Eta ezin dugu ahaztu Bizkaiak aintzindari izan nahi duela mendekotasuna duten lagunen zainketan. Horren adibide da orain dela gutxi Ahaldun Nagusiak aurkeztutako Nagusi Intelligence Center proiektua, “mundu mailako erreferentzia” bilakatu nahi dena zahartzearen abordatzean.

Etxez Etxeko Zerbitzuan langile ia guztiak emakumean gara, mendeko pertsonen zainketara dedikatzen gara (sozialki emakumeoi esleitutako eremua) eta milaka bizkaitarrentzat ezinbestekoa den zerbitzua ematen dugu. Testuinguru honetan geure buruari behin eta berriz galdetzen diogu ez ote garen merezi errespetua eta duintasuna lanean. Akaso itxurakeria hutsa da erakundeena? Edo akaso eskatzen dugun hori zentzugabea, eskuraezina edo ez bidezkoa da?

  • KPIrekin loturiko soldata-igoerak, azken urteotan galdutako eroste-ahalmena berreskuratzeko.

  • Hitzarmena benetan aplikatuko den bermatzen duten klausulak, aurrera-eragina, malgutasunik eza, mugikortasun geografiko eta funtzionalik eza.

  • 18. artikulua kentzea (enpresei euren beharren arabera lanaldia malgutzeko aukera ematen die urte osoan zehar).

  • Lanbide-gaixotasunak eta "in itinere" istripuak %100ean. Egun at gelditzen dira hainbat lan gaixotasun geure sektorean oso ohikoak direnak, hala nola lunbalgiak, in itinere istripuak, estresa edo lan nekea.

  • Lan egindako ordu guztiengatik kotizatzea ondorio guztietarako. Izan ere, langile asko lanaldi partzialak ditugu eta sarritan ordu osagarriekin osatuak izaten dira, ondorio guztietarako kotizatzen ez dutenak.

  • Antzinatasunaren araberako lan-poltsa bat arautzea. Irizpide objektiboak ezartzeko eta behin behineko langileek ziurtasun bat izan dezaten euren lan etorkizunari begira.

  • Hobekuntzak lan eta segurtasunean, oso garrantzitsua den zerbait egiten dugun lana kontutan hartuta, exijentzia fisiko eta emozional handikoa.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.