2019-02-27 16:40
Etxez-Etxeko alorrean eman den enplegu galera erabatekoa ian da EAEko hiru lurraldeetan, bereziki Araban; izan ere lurralde honetan enplegu erdiak galdu dira. Gipuzkoa eta Bizkaian galera %30k ingurukoa izan da. Honen ondorioz, menpekotasun, elbarritasun eta autonomia ezagatik, eguneroko bizimoduaren oinarrizko jarduerak beren kabuz egiterik ez duten pertsonen zaintzaren kalitatea nabarmenki txartu da.

Bizkaian eta Gipuzkoan udal-eskumeneko zerbitzua da, eta udalek beren arautegien bidez erregulatzen dute. Araban udalen eta foru-aldundiaren eskumenekoa da. Hala ere, zerbitzu publiko batez ari bagara ere, herri-erakundeek zerbitzua pribatizatzea nahiago izan dute, eta hortaz enpresa pribatuek beren etekinak ateratzen dituzte, emakume langileen baldintzak prekarizatzearen kontura, eta zerbitzuaren beraren kalitatea hondatzearen kontura.

Gainera, harrigarria da kontua, baina gizarte-beharrizanak urrats sendoz ugaltzen badira ere, herri-erakundeek eskaintzen duten etxez etxeko laguntzaren zerbitzu-orduak ez dira hazten neurri berean. Gipuzkoako udal batzuetan azken urteotako ordu-kopuruak hazteko joera hartu duela eman arren, ezin dugu ahantzi aurreko urteetan izandako galera izugarria. Bizkaian azken 5 urteetako zerbitzu-orduak %30 murriztu dira, horrek ekarri duen enplegu-suntsipenarekin eta zerbitzu-okertzearekin. Eta Araban, 2011 eta 2016 urte bitartean langile-kopurua erdira jaitsi da, 1.200etik 600era. Kontua ez da soilik laguntzaren beharrez dauden albait biztanle gehienengana heltzea, baizik eta erabiltzaile guztiek behar dituzten ordu guztiak izatea oinarrizko eginkizunak egin ahal izateko, eta bizimodu duina izateko.

Sektore honetan lan egiten duen pertsonala erabat ikusezina da gizartearentzat, eta emakume-aurpegia du. Emakume horiek buru-belarri saiatzen dira erabiltzailearen eguneroko bizi-kalitateari eusten, hura zainduz, lagunduz, garbituz, etxea txukunduz... Ahal duen guztia egiten dute erabiltzailearen duintasunaren alde. Hori gutxi balitz bezala, askotan sostengu psikologikoa ere eman behar diote erabiltzaileari, emakume laguntzailea baita egun osoko bisita bakarra.

Hala ere, emakume langile horiek etxerik etxe joan behar dira arineketan, ordutegi-prestasun itzela dute, bakarrik moldatu behar dira erabiltzailearekin, eta horren profilaren arabera sekulako zamak altxatu beharrez daude etxean inolako laguntza teknikorik izan gabe. Ondorioz, langilearen adina aurrera joan ahala, osasun-arazoak ugaltzen eta areagotzen dira. Hain da larria kontua, ezen oso langile gutxi iristen baita erretiroa hartu arte, gehienek baja hartu behar dute ezinbestez, horrelako zamak maneiatu ezinik, eta gero erretiro-adinera arte luzatu. Horrek dakarrena eta guzti: erretiro-pentsio murritzagoa eta zahartzaro behartsuagoa.

Etxez etxeko laguntzaren zerbitzuko langileen baldintzek prekarietatea dute ezaugarri: beti prest ordutegiaren menpean, kontratu partzialak (erabiltzaile-kopuruaren eta horien bizi-iraupenaren menpe), erabiltzailea mugitzeko eta jasotzeko laguntza teknikorik ez, arrisku biologikoak, bakarrik eta babes gabe edozein motatako gehiegikerien aurrean, onartu gabeko lanbide-gaixotasunak, soldata ziztrinak (ezbehar horiekin guztiekin zerikusirik ez dutenak).

Zainketa-sistema hori politikariek eta patronalek ezarritakoa da, emakumearen diskriminazioan eta prekarizazioan oinarriturik. Eta negozio-iturri da enpresa kudeatzaileentzat. Sektore hau sektore feminizatua da, eta emakume izate hutsagatik soldata-arrakala %30 eta %50 bitartekoa da. Izan ere, ezaugarri berdineko gizonezkoen sektore batekin alderatuz gero, soldata-aldea urtean 6.000 € eta 10.000 € bitartekoa da.

Zentzugabekeria horren aurrean, ELAk eskatzen die Hego Euskal Herriko erakundeei:

- Zerbitzu horrekiko duten ardura hartzea.

- Etxez etxeko laguntzaren zerbitzua kalitatezkoa eta behar bestekoa izatearen aldeko apustua egitea. Horren beharra duten herritar guztiengana iristeko modukoa izan dadin.

- Behar den kalitatezko enplegu gehiago sortzea, errealitate horrekin bat datozen lan-baldintzak bildu behar dituena.

- Gertatzen diren arrisku eta erasoei aurre egiteko jardunbide-protokoloak eta baliabide teknikoak ezartzea.

- Bidezko eta begirunezkoa denez, emakumeen oraina eta geroa baldintzatzen dituzten arrakala guztiei aurre egitea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.