2018-10-03 12:29
Lan-istripu hilgarri berri bat gertatu da Zizurkilen, AHTren obretan, non langileak, Tecnolevers and Mobile Cranes, S.L. Errioxako enpresa batentzat lanean eta Comercial Urratz enpresak azpikontratatuta (aldi berean azken hau UTE Adunak azpikontratatutakoa, eta azken hau Euskal Trenbide Sareak azpikontratatua), hormigonerarekin lanean zebilela bizitza galdu du.

Istripuari dagokionean, erabateko prekarietate eta segurtasun neurri faltako egoeran gertatu delarik, honekin lotutako hainbat betegabetze salatu ditu ELAk Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren aurrean behin eta berriz.

Gaur 9 pertsona dira AHTren obrak hasi zirenetik infraestruktura erraldoi honen eraikuntza lanetan hildakoak, hauetatik 2 azken hilabetean, eta guztiak azpikontratatutako enpresetan. Egoera larri honen aurrean, langileen osasuna eta bizitzaren kontura kostuak aurreztea beste helbururik ez duen era honetako gehiegizko jardueren kontrako berehalako neurri publikoak exijitzen ditu ELAk.

Azkenik, ELAk bere babes eta elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senitarteko eta hurbilekoei, eta urtero 50 pertsona baino gehiagoren heriotza eragiten duen lakra honen aurka mobilizatzeko deia luzatzen du.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.