2020-02-27 17:18
Publiko egin da goiz honetan Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketarako 1148 plaza barnebiltzen dituen EPE deialdia. ELA-tik aurrez salatu bezala, EPE deialdi berria guztiz ez nahikoa da egun hezkuntza publikoan bizi dugun behin behinekotasun eta prekaritate egoerari aurre egiteko.

Izan ere, 1148 plaza hauekin Jaurlaritzak Legealdian eskaintzara ateratako plaza kopurua 5772ra helduko da. Horietatik 3312 birjartze tasari dagozkionak direla kontuan izanda, ateratako plazetatik soilik 2460 plazek eragiten dute behin-behinekotasun tasan. Beraz, oraindik ere 7208 behin-behineko langilek tasa %28an kokatzen dute eta kopurua hau onartezina iruditzen zaigu, oso urrun baitago azken urteetan aurrera eramandako greba eta mobilizazioetan aldarrikatutako %6ko behin behinekotasun tasatik.

Bestalde, Kopurua ez nahikoa izateaz haratago EPE eredu honekiko desadostasuna ere ugaritan plazaratu dugu eta gaurkoan ere mahai gainean jarri nahi dugu berriz ere. Izan ere ezinbesteko ikusten dugu zein EPE eredu nahi eta behar dugun negoziatzeko aukera izatea. Gure hezkuntza sistemak dituen erronkei aurre egiteko hauetara bideratutako baliabideak gehitzea beharrezkoa da, beharrezkoa den bezala eredua goitik behera aldatzea.

Bereziki larria iruditzen zaigu gainera Hezkuntza publikoak bizi duen behin behinekotasun egoera larri honen aurrean, EPE deialdi ez nahikoa agiteaz gainera, Gobernuak “egonkortasun” agindua mahai gainean jarri izana. Sasi-egonkortasun formula hau, partxe txar bat besterik ez da, hutsune, gabezia eta arrisku ugari dituena eta egungo prekaritate egoera mantentzea eta betikotzea besterik ekarriko ez duena.

ELAn argi daukagu benetako arazoa behin behinekotasun tasa izugarria dela, eta horri aurre egiteko benetako borondate politikoa behar dela. Alternatiba bat behar dugu eta alternatiba hori egon badago.

ELA-tik egungo behin behinekotasun eta prekaritateari benetako erantzuna emango dion EPE eredu desberdin bat defendatzen dugu; egungo beharrei erantzungo diena, erretiratuko direnen lanpostuak beteko direla bermatuko duena eta urte luzeetan zehar behin behineko egoeran diharduten eta beren gaitasuna egunero eskoletan demostratzen duten irakasleen kontsolidazioa ahalbidetuko duen EPE eta enplegu eredu baten garapen adostua, alegia.

Horregatik, gaurkoan ere EPE deialdi honekin gure desadostasuna plazaratzeaz haratago, gobernuari zera exijitzen diogu, ezin konpondu ahalko diren kalte gehiago sortu aurretik, agindu proposamena berehala bertan behera utzi eta behin behinekotasunaren aurrean benetako irtenbideak planteatzen dituen proposamena jar dezala mahai gainean.

Hala egiten ez duen bitartean, ELA Sindikatutik langileak antolatu eta mobilizatzen jarraituko dugu egiturazko arazo den behin behinekotasuna lehen lerroan jarri arte.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.