2024-04-25 09:53
ELAk langileen egonkortzea eta elebitasuna batuko dituen prozesu bat abian jartzeko eskatu die administrazioei.

ELAk salatu nahi du Eibarko udaleko langile baten hizkuntza eskakizunaren inguruko ebazpena. Orain arteko ebazpen euskarafoboek ez bezala, epai horrek ez du ezbaian jarri lanpostu horren hizkuntza eskakizuna ezabatzea, baizik ezarri du 45 urtetik gorako plazadunentzako hizkuntza eskakizunarentzako behin-behineko salbuespena, bi langile kolektiboen artean diskriminaziorik ez izatea argudiatuta.

Epaiak argudiatzen duen bezala, laneko betebeharretan diskriminazioak ezabatzearekin ez daukagu inongo zalantzarik, baina ez dugu onartzen argudio honekin beste behin ere administraziorako sarbidean euskara eskakizunetan beherapenak egotea.

Egoera horrek agerian utzi du bi auziri heltzeko beharra: langileen behin-behinekotasunari eta hizkuntza eskubideei.

Gaztelera jakitea derrigorrezkoa da lanpostu guztietan, euskara jakitea batzuetan soilik. Egoera horretan, Euskararen ezagutza faktore diskriminatzaile moduan hartzen da, beste edozein ezagutza edo baldintzarekin gertatzen ez den bezala.

Udaletako langileen %40 behin-behineko edo bitarteko egoeran daude eta aurrera eramaten ari diren egonkortze prozesuen bidez, kontsolidatzeko bidean daude; horietako asko iruzurrean, lanpostu estrukturalak betetzen eta lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizunik gabe.

ELAk askotan salatu du administrazioek orokorrean eta kasu honetan bezala udalek, urteetan utzikeriaz jokatu dutela langileak euskalduntzerakoan, eta urte luzez lanean aritu eta bere lanpostuari dagokion euskara eskakizuna bete gabe langile andana dagoela euskal administraziotan. Ondorioz, administrazioetan ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua gaztelaniazkoaren pare; hizkuntza eskubideak sistematikoki zapaltzen dira eta langile publiko euskaldunek, kasu gehienetan, ez dute euskaraz normaltasunez lan egiterik.

Egoera hori konpondu ahal izateko, ELAk administrazioari proposatu do administrazioa euskalduntzeko plangintza bat, bai epe motzera kontsolidazio prozesuei begira, bai datorren 15 urteko epean; azken hori LABekin eta Kontseiluarekin batera, baina muzin egin diote aukera horri. Behin-behineko langile guztiak egonkortzea eta elebidun izateko proposamena egin zen, eta administrazio eta epaitegiek ezinezko bihurtu dute.

ELAk langile eta herritarrak animatzen dituzte euskaraz lan eta bizitzera, baita euskararen aurkako eraso oro salatzeko mobilizatzen jarraitzera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.