2019-09-18 15:39
Garbiketa langileen soldaten inguruko zifrak okerrak eta faltsuak zirela jakinda ere, hauek herriari aurkeztea erabakiaren atzean, gezurraren bitartez langileengan herri-presioa sortzea eta herria beraien aurka jartzea dagoela salatu du ELAk. Elorrioko eraikin publikoak garbitzen dituzten langileek 143 egun daramatzate greba mugagabean.

Uztaila hasieran Udalak enpresa bat nahierara kontratatu zuen, garbikuntzako zerbitzuari buruzko azterketa bat egiteko. Milaka euro bideratu dituzte txosten horretara baina ez dakigu zifra zehatza publiko egiteko asmorik ba ote dagoen. Bi hilabete berandutu dira txosten horren emaitzak. Pasa den ostiralean, iralaren 13an, bilera bat izan zen langileen eta udalaren artean, ELA sindikatuko aholkulariekin batera. Bilera horretan txosten horren ondorio eta zifrak aurkeztu zituen udalak. Ikerketan jasotako soldaten zenbatekoak aztertu eta berehala, arratsalde horretan bertan, alkatesari jakinarazi genion zifrak ez zirela batere zuzenak eta txostena, beraz, zeharo okerra zela.

Zeintzuk dira akats horiek? Txostenaren arabera, langileren batek ia 30.000 euro/urteko soldata omen zuen. Sektoreko hitzarmen kolektiboari begirada sinple bat bota eta erraz ikusten da lanaldi osoko garbitzaile baten soldata 16.500 euro/urtekoa dela. Udalak tranpa egin du eta langile bakoitzaren soldatari inputatu dio langile horien bajak estali dituen ordezkoaren soldata. Hau da, ikusarazi nahi izan da garbitzaileek jasotzen duten soldata beraiena eta beraien ordezkoarena, biak batera, direla.

Esan bezala, ostiral horretan bertan esan zitzaion alkatesari zifrak okerrak zirela eta txostenean jasotako soldatak ez zirela errealak, askoz baxuagoak baizik. Alabaina, txostena egin zuen enpresari berehalakoan zifrak errebisatzea exigitu ordez, udalak erabaki zuen astelehenerako deitua zuen herri-asanblada mantentzea eta asanblada horretan zifra faltsutuak aurkeztea.

Oso larria da Elaren iritzitan herri-ordezkarien jarrera, eta bi aukera baino ez zaizkigu okurritzen gertatutakoa azaltzeko:

1- Izan liteke udalaren zuzendaritza daramatenek oinarrizko kalkulu-ezagutzak ez izatea. Hala balitz, gure buruari galdetu behar genioke udal aurrekontuak maneiatzeko gai ote diren.

2- Baliteke udalak, zifrak okerrak eta faltsuak zirela jakinda ere, hauek herriari aurkeztea erabakitzea, gezurraren bitartez langileengan herri-presioa sortzeko eta herria beraien aurka jartzeko. Hala balitz, jarrera hau guztiz arduragabea, antisindikala eta langile-borrokaren aurkakoa litzateke, teorian ezkerrekoa den gobernu batek sekula izan beharko ez lukeena, hain zuzen.

Gure buruetan aspaldi darabilgun galdera hauxe da: udal gobernu honen jarrera eta begirunea berdina izango al litzateke grebalariak gizonezkoak balira?

ELAren iritziz zeharo arguragabea da udal-negoziatzaileek hartu duten deriba gatazka honetan. Edozein negoziaketan oinarrizko arau eta jarraibide batzuk daude alderdiek gatazka konpondu nahi dutenean, eta Elorrioko Udala erakusten ari dena kontrakoa da.

Gomendagarria litzateke Udalak negoziaketa honetan adimen gehiago, buru gehiago eta errai gutxiago jartzea. Izan ere, gatazka hau denon artean konpondu beharko baitugu lehenago edo beranduago.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.