2024-04-25 11:14
ELAk Euskal Herri eta mundu hobe bat lortzeko duen konpromisoa berretsiko du Maiatzaren Lehenean; horretarako bi mobilizazio deitu ditu, Bilbon (11:30, Jesusen Bihotza) eta Iruñean (11:30, Gurutze Plaza)

Errealitateak erakusten digu soilik langileak antolatzeko eta konfrontatzeko prest daudenean hobetzen direla lan baldintzak; horrek irekitzen du prekaritatetik irteteko bidea. Horren erakusgarri, sektore feminizatuetako grebak eta izan diren garaipenak; sektore horietan burutu da ELAren borroka sindikalaren zati handi bat. Greba egin ahal izateak lan hitzarmen gehiago eta hobeak sinatzeko aukera ematen digu.

Horregatik, ELAk Maiatzaren Lehena baliatu nahi du borroka sindikal eta sozialarekiko bere konpromisoa berresteko. Bi izango dira sindikatuak Maiatzaren Lehenean antolatuko dituen ekitaldiak. Bata, Bilbon, 11:30tan Jesusen Bihotzean. Bestea, Iruñean, 11:30tan Gurutze Plazan. Mobilizazio hauen ostean, bazkaria eta festa izango dira nagusi Miribillan eta Labrit Pilotalekuan.

Aberatsak gero eta aberatsagoak dira, pobreak gero eta pobreagoak

Botere ekonomiko horren etekinak hazten ari dira etengabe. Herritar gehienontzat bizimodua garestitu egin da, eta hori zuzenean lotuta dago enpresa handien eta bankuen etekinek izan duten hazkundearekin (iaz 59.400 milioi euro mozkinetan, soilik IBEX 35eko enpresentzat).

Hau gertatzen da politikaren konplizitatearekin; zenbait gai, adibidez aberastasunaren banaketa, Gasteizko eta Iruñeko gobernuen akordio eta politiketatik kanpo geratzen dira. Gure herriko osasungintza publikoan ez da nahikoa inbertitzen; etxebizitza lortzea guztiz zaila gertatzen da; zaintza sistema pribatua da eta prekarizatuta dago... honek guztiak agerian uzten du gure gobernuek ez dutela politika sozialik garatzen.

ELAren iritziz politika hauek salatzea da egin litekeen politika koherente bakarra aldaketa soziala iritsiko bada; horretarako interes patronalen eta botere ekonomikoen aurka konfrontazio politiko, sozial eta sindikala behar da. Konfrontazio horri ihes egitea langile-klaseak behar dituen aldaketak saihestea da.

Zorionez, asko dira bestelako mundu hobeago bat lortzeko borrokan ari diren lagunak. ELAk Maiatzaren Lehenean aitortu nahi du borroka sozialetako militantzian bustitzen diren langileen konpromisoa. Borroka horiei esker diraute alternatibek bizirik, mundu kapitalista deshumanizatuarekin aurrez aurre jarrita. Borroka horiek ematen dute etorkizunerako itxaropena eta egiten dute Euskal Herri hobea.

Militarismoa, kezka iturri

Etxe barrura bai, baina mundu zabalera begira ere ospatuko du ELAk 2024ko Maiatzaren Lehena. Izan ere, egun aproposa dugu balio unibertsalak gogoratzeko, esaterako elkartasuna, justizia sozialaren aldeko borroka edota bakean bizitzeko eskubidea. Balio hauen alde eginez gero jakitun izan behar gara zer nolako ondorio tragikoak dituen sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista batek.

Aberastasuna geroz eta esku gutxiagotan pilatzen da, herrialde pobreei baliabide naturalak ebatsiz, planeta zeharo kontaminatuz, lanaren banaketa sexualaren ezarriz, pobrezia hedatuz eta gerra eginez.

Hain zuzen ere, testuinguru honetan ELAk bere kezka adierazi nahi du belizismoaren gorakada dela eta; honek eragiten du Europan gastu militarra handitzea, arlo sozialean austeritate politikak berriro inposatzen ari direlarik. Hau arduragabekeria hutsa da, arma-industriaren mesederako; beraz, zeharo arbuiatu beharra dago.

Maiatzaren Lehen honetan ELAk su-etena eskatu behar du, eta palestinar herriari estatu bat izateko zor zaion eskubidea. Israelgo armada Gaza eta Zisjordaniako biztanleekin egiten ari den genozidioak babesa izan du Mendebaldeko botere politiko eta ekonomikoen aldetik.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.