2025-07-17 12:27
Auzitegi Gorenak eskuin muturraren argudioak bere egin ditu eta euskararekin lotuta udal legean azaltzen zen araudia baliogabetu du gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko. Euskara moduko hizkuntza gutxitu batek diskriminazio positiboko neurririk izan ezean ezinezkoa da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, Auzitegi Gorenak egoera ezberdinean dauden bi hizkuntzei trataera bera eskaintzean euskararen desagerpena bultzatzen du'

Auzitegi Gorenak, VOX alderdi faxistaren eskariz, udal legearen hainbat tarte baliogabetu ditu, hain zuzen euskararen arauketarekin lotutakoak. Auzitegi Gorenak beste esparru batzuetan, genero alorrean adibidez, erabiltzen dituen argudio juridikoak irauli ditu urte luzez indarrez eta legez gutxitua izan den hizkuntzaren aldeko neurriak debekatzeko. Auzitegi Gorenean kontsolidatua dago emakumeek pairatu duten diskriminazioa iraultzeko diskriminazio positiboko neurriak hartu daitezkeela, bada berau debekatzen du euskararen kasuan.

Esaterako, Auzitegi Gorenaren arabera gaztelaniarekiko diskriminatzailea da udal langileek euskaraz agurra egin dezatela arautzea, ondoren herritarren nahiaren arabera euskaraz edo gaztelaniaz jarraitzeko baldintzarekin. Gogora ekarri behar da langile publiko guztiek gaztelania ezagutzen dutela, eta soilik langile batzuek dakitela euskara, ondorioz, euskarazko agurrik egin ezean herritarra behartuta dago hizkuntza hautua adieraztera eta euskarazko zerbitzua jasotzeko nabarmentzera. Euskaldunak ohituta daude euskaraz aritzeagatik erantzun okerrak jasotzera edo administrazioetan derrigorrez gaztelaniaz artatuak izatera, ondorioz, euskaraz aritzeko gonbidapen espresik gabe, gaztelaniaren nagusitasuna inposatzen da.

Auzitegi Gorenaren epaiak argi erakusten du egungo egitura juridikoak, eta Espainiaren Konstituzioaren 3. artikuluak ezartzen duen gaztelaniaren nagusitasunak, ez dutela aukerarik ematen euskararen erabateko normalizaziorako. Auzitegi Gorenaren epai honetaz gain, beste epaitegi eta auzitegi batzuetako epai euskarafoboak jasatzen ari da euskal gizartea, denen oinarria da gaztelania inposatu daitekeela baina euskara normalizatzeko neurriak hartzea gaztelaniarekiko diskriminatzailea dela.

Ondorioz, herritarren mobilizazioa ezinbestekoa da euskal gizarteak bizi duen egiturako zapalkuntza salatzeko eta Espainiako egitura konstituzionalarekin apurtzeko. ELAk euskal alderdi politikoei galdegiten die euskararen benetako ofizialtasuna beren lehentasunen artean izan dadila eta mobilizazio soziala sustatu dezatela. Era berean, ELAk bere burua eskaintzen du bestelako eragileekin batera euskal gizartearen erantzun irmo bat antolatzeko, mobilizazioa beste biderik ez baitago euskal herritarron hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.