2020-12-17 15:01
Sindikatuak ohartarazten du garraioan ematen ari den ezbehar-tasaren hazkundea patronalak bultzatutako desarautzearen ondorio dela, eta sektoreko ezbeharrak lan-istriputzat hartzen ez direla deitoratzen du.

ELAk jakin ahal izan duenez, Truck & Wheel enpresako kamioilari bat hil zen atzo Faureciako lantegian Orkoienen (Nafarroa), ondoezik sentitu ondoren. Lehenik eta behin, ELAk bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi die biktimaren senide eta lankideei, eta gogorarazi du 2020an gutxienez 10 pertsona hil direla lan istripuan Nafarroan, horietako lau garraiolariak.

ELAren iritziz, salgaien garraioko ezbehar-tasa handia patronalak bultzatutako desarautzearen ondorio da, horrek eragin baitu koronabirusaren egungo pandemian funtsezkoa izan den kolektibo baten lan-baldintzak okertzea. Gainera, ELAk ohartarazten du sektoreko istripu-tasei buruzko datuetan azpi-erregistroa ematen dela; izan ere, lanak eragindako joan-etorrietan gertatutako gainerako istripuetan bezala, istripu horiek trafiko-istriputzat edo heriotza naturaltzat hartzen dira, eta ez dira estatistika ofizialetan islatzen.

ELAk gogorarazten du, hala eta guztiz ere, ezbehar-tasak goranzko joera duela 2012tik, eta, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio alde batera utz ditzala behingoz lan-osasuneko elkarrizketa sozialeko politika ez-eraginkorrak, eta baliabide horiek erabil ditzala lantokietako segurtasun eta osasun-baldintzak kontrolatzera bideratutako baliabide publikoak areagotzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.