2025-05-28 15:00
Mahai Sektorialak gaur egindako bileran, Osakidetzak EPE eredu berri bat onartu du, behin-behinekotasun tasa handiei heltzen ez diena eta kategorien artean diskriminatzailea dena.

Mahai Sektorialak gaur egindako bileran, ELAk berriro salatu du aldi baterako kontratazio-zerrenden kudeaketa negargarri eta kaotikoa. Azken hilabeteotan, ELAk hainbat mobilizazio bultzatu ditu hautaketa eta hornikuntza prozesu guztien kudeaketa eskasa salatzeko. Aldi baterako kontratazio-zerrendek aipamen berezia merezi dute. Haren kudeaketa erabateko kaosa izaten ari da, eta hilabeteetan luzatzen ari da.

Osakidetzak 2024ko uztailaren 11n iragarri zuen, "laster", aldi baterako kontratazio-zerrendak integratu eta eguneratuko zituela. 10 hilabete igaro dira eta oraindik ez du bete. Eta ez betetzeaz gain, zerrenda eguneratuak argitaratzen ari da, zerrenda horiek akats ugari dauzkatelarik. Horrek zalantza eta babesgabetasun handia sortzen du langileen artean. Azpimarratzekoa da zerrenda horietatik eratortzen dela Osakidetzan egiten den aldi baterako kontratazio guztia. Edo, bestela esanda, aipatutako zerrendetako akatsen ondorioz, hautagaiek eskubidea duten kontratu bat gal dezakete.

ELAk salatu du bere garaian Osakidetzak azpikontratatu zuen eta kanpoko enpresa baten esku dagoen zerbitzu informatiko baten aurrean gaudela. Beraz, zerbitzu publikoen pribatizazioek dituzten ondorio larrien adibide berri baten aurrean gaude. Gogorarazi behar da, Martinez sailburuak propaganda-adierazpenak egin arren, Osasun Sailak pribatizatutako zerbitzuak ordaintzeko aurrekontu-partida % 11,5 igo zela 2024an. ELAk aldi baterako kontratazio-zerrenden kudeaketa publikoa exijitu du.

Bestalde, gaurko bileran, Osakidetzak EPE eredu berrian aurrera jarraitzen du. Eredu horrek ez ditu behin-behinekotasun tasa altuak jorratzen, eta kategorien arteko diskriminazioa eragiten du. Dokumentuak etorkizuneko EPEak Espainiako Estatuak ezar ditzakeen birjarpen-tasekin lotzen ditu; tasa horiek sektore publikoaren behin-behinekotasun tasa altuen oinarrian daude. Osakidetza datuak makillatzen saiatzen den arren, gaur egun, behin-behinekotasunak plantillaren erdiari baino gehiagori eragiten dio (24.000 langile baino gehiagori). ELAk greba eta mobilizazioak bultzatu ditu azken urteotan, EPE batean zenbat plaza eskaini behar diren hemen erabaki dezagun eskatzeko.

Hori gutxi balitz, kategoria jakin batzuetarako meritu-lehiaketa bidez (azterketarik gabe) sartzea aurreikusten da. ELAk berri ontzat jo du neurri hori, baina aukera hori Osakidetzako langile guztiengana zabaltzeko formulak martxan jartzeko eskatu du. Bestela, langileen arteko neurri diskriminatzaile baten aurrean geundeke.

Adierazi bezala, milaka langilek urteak daramatzate Osakidetzan aldi baterako kontratuekin lan egiten, hainbat EPE egin dituzte eta beren lanpostuaren funtzioak betetzeko gaitasun nahikoa erakutsi dute. Hori dela eta, ELAk meritu-lehiaketa bidezko sarbidea langile guztientzat eskatu du. Askotan bezala, borondate politiko kontu baten aurrean gaude. Betetzen zailak diren lanpostuen EPEak, non meritu-lehiaketa bidezko sarbidea egikaridu den, erakusten du borondatea badago posible dela.

Azkenik, eta nahiz eta aste honetan prentsaren bidez ELAk jakin duen Osakidetzaren biltegien proiektuaren pribatizazioa geldiaraztea erabaki dela, ELAk berriro salatu du denbora honetan guztian ez dela informaziorik eman eta ez dela Mahai Sektorialean negoziatu. Beste behin ere, sailburuak legebiltzarrean egindako adierazpenetara jo dugu. ELAk Mahai Sektorialean erabakien berri ematea eta proiektu berria foro honetan negoziatzea eskatu du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.