ARGIA.eus

2020ko urtarrilaren 18a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-07-04 15:21
ELA ez da joango 27. promozioko diplomak banatzeko ekitaldira, Akademian elkarren artean kanporatzera derrigortzen duen sistema salatzeko Ertzain izateko prozesuan parte hartzen duen emakumeen %20 -gizonezkoak baino hiru bider gehiago- kanporatu egin dute 27. promozioaren hautatze prozesuaren buruan. Desberdintasun larri hau dela eta ELAk ez du parte hartuko Arkauten izango den egiaztagirien banaketa ekitaldian; sindikatuak Jaurlaritzari galdegin dio hautatze prozesu honi buruzko ikerketa bat jar dezala abian.

Eusko Jaurlaritzak eta Segurtasun sailak behin eta berriz ozen adierazten dute Ertzaintzan emakumeen presentzia handiagoa izatea nahi dutela, baina laneko errealitateak eta eguneroko praktikak ustezko asmo horietatik oso urrun daude.

Administrazioak bere asmoen adibide gisa Poliziaren Legea aurkezten du, zeina joan den ostiralean Gasteizko Legebiltzarrean onartu zen. Legeko puntu nabarmenetako bat izango da ?sustatzea berdintasun neurriak eta polizia kidegoetan emakumeen presentzia?. Baina asmo hauek ezerezean geratzen dira; eguneroko erabakietan ez dago benetako borondaterik ekintza positiboko politikak ezartzeko eta Ertzaintzan genero berdintasuna bultzatzeko. Egitateak gordinak dira.

Arkauteko akademian 27. promozioarekin gertatu dena oso larria izan da: Sarbide froga guztiak -teorikoak, fisikoak, medikuak eta pertsonalitateari buruzkoak- pasa eta prestakuntza ikastaroa egin duten 75 emakumeen %20ak ez du gainditu, hots, gizonezkoek baino hiru bider gehiago.

Promozio bakoitzean izangaien %10 inguru kanporatzen dute Arkauten. Eta deigarria da froga nagusiarekin, soziogramarekin, gertatzen dena. Soziograma da elkarrizketatzaile baten gidaritzapean egindako solasaldi sorta bat, zeinaren helburua den izangaiak kanporatzea, korporatibismoa eta lankideen arteko mesfidantza sarituz.

Emaitza ikusirik, gure galdera da froga hau zenbateko objektibotasunez egin den. Segurtasun sailaren erantzukizuna da ebaluaketa eta hautatze prozesu guztiak irizpide objektiboen gainean egiten direla bermatzea, emakume zein gizonentzat. Beraz, zuzenean edo zeharka sor daitekeen edozein diskriminazio joera desagerrarazi behar du, edozein dela ere arrazoia (generoa, aniztasun sexuala, jatorria...). Kasu honetan zer protokolo, neurri edo prozedura aplikatu da hori ziurtatzeko?

Emakumeek Ertzaintzan pairatzen duten diskriminazio egoera ez da berria. Duela urtebete haurdun zegoen ertzain batek jasan zuen diskriminazioagatik demanda jarri zuen, Sailak promozioa ukatzen baitzion. Segurtasun sailak erabakia aldatzeko lehenik administrazioarekiko epaitegi batek ertzainak egindako helegitea aintzat hartu behar izan zuen.

Jaurlaritzaren polizia eredua, Polizia Legean islatu dena, oso urrun dago ELAk aldezten duen eredutik: gure eredua da polizia zibil eta demokratikoa, hurrekoa eta herritarrei babesa eskainiko diena; banako zein kolektiboan berme eta eskubideak aintzat hartu eta errespetatzen dituena. Emakumeentzat erakargarriagoa izan daitekeena, bertan txertatzeko aukera hobea dutelako. Datuak argigarriak dira: egun ertzainen %12a besterik ez dira emakumeak, eta azken hiru promozioetan aurkeztu diren izangaien portzentajea %30aren oso azpitik dago. Promozio honetan berriz ere aukera bat galdu da Ertzaintzaren baitan genero berdintasunaren egoera hobetzeko.

Horrenbestez, ELAk bihar ez du parte hartuko Erandion izango den 27. promozioaren egiaztagiriak banatzeko ekitaldian, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hautatze prozesu honetan gertatu dena ikerketa bati ekin diezaiola, izan litezkeen ardurak argitu eta irtenbideak bila daitezen Ertzaintzan genero desberdintasuna behin betiko desagerrarazteko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
?>