2020-08-26 10:22
Bertan bizi diren 180 pertsonek intsektuak, komun partekatuak, 20 egoiliarrentzako gerokultore bat, erizainik gabeko egunak, egunetan garbitu gabeko gelak edo ordutegira egokitzen ez den medikazioa jasaten dituzte

Miranda Fundazioaren egoitza-zentroaren asistentzia kalitateak okerrera baino ez du egin pandemia hasi zenetik, eta babesik eta baliabiderik gabeko langileak egoiliarrak artatzen saiatzen dira, egoera horretan kolektiborik ahulena baita.

Azken hilabeteetan, langileen kopurua murriztu egin dute, eta, normalean, goizeko txandan hiru gerokultore zeuden 20 adineko pertsona altxatzeko, garbitzeko eta zaintzeko. Une honetan, langile bat dago eginkizun horietarako, eta ezinezkoa da behar den moduan egitea; are gehiago, zentroan COVID kasuak daude eta protokolo zorrotzagoak ezarri behar dira. Logelak 6 egunean behin garbitzen dira, eta gainerako egunetan bakarrik oheak egiten dira. Ohikoa da adinekoak ezarritako ordutegietan oheratu ezin izatea, eta 13:00ak aldera adinekoa altxatzea eta gosaldu zein botikak eman gabe, zuzenean bazkaltzera eramatea.

Hilabete hauetan, langileek lan-ikuskaritzara jo behar izan dute babesteko ekipamenduak eskura ditzaten, baina azken asteetan berriz ere errepikatu da baliabide falta hori, eta langileek beren materiala eraman behar izan dute.

Enpresako zuzendaritzak ez du informaziorik ematen eta egoera ekonomikoari lehentasuna ematen dio beharrezko arreta eskaini baino, erabiltzaileen eta egoitzan lan egiten dutenen osasuna arriskuan jarriz. Horregatik guztiagatik, ELAk enpresari eta Bizkaiko Foru Aldundiari (ohe asko hitzartuak daude) eskatzen die kutsatzeak saihesteko protokolo argi bat ezar dezatela, egoiliarrei arreta duina emateko langileak zabal ditzatela, eta langileei oinarrizko beharrei erantzun ahal izateko ekipoak, giza baliabideak eta baliabide materialak eman dakizkiela. Neurri horiek berehala hartzen ez badira, ELAk egokitzat jotzen dituen ekintza guztiak egingo ditu egoiliarren osasuna eta bizitza bermatzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.