2020-08-24 10:31
ELAk eskatu dio Eusko Jaurlaritzari osasunera bideratutako aurrekontu partida handitzea; izan ere, azken urteetan aplikatutako murrizketa-politikek murrizketa ekarri dute osasungintzara bideratutako inbertsioan, bereziki Lehen Arretan. Osasunera bideratutako aurrekontua handitu eta EBko batez bestekoarekin parekatu behar da: BPGaren %7.

Osasun krisi honek zerbait erakutsi badigu, osasun publikoaren garrantzia eta hura indartu eta garatzeko beharra dira. Zalantzarik gabe, azken urteotan zerbitzu publikoak murriztu eta eraisteko abian jarri diren politikek krisi honi eman zaion erantzuna oztopatu dute, nahiz eta plantillaren ahalegin eta inplikazio handia izan.

Azken hilabeteotan bizi izan dugunaren ondoren, eta dagoeneko gertatzen ari diren ugalketak ikusita, eta kutsadura-kopurua etengabe handitzen ari dela ikusita, Osakidetzak behar diren neurriak hartu behar ditu, berehala, bai plantillaren osasuna eta segurtasuna bermatzeko, bai herritarrei osasun-arreta emateko; arreta hori inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun. Pandemiaren unerik larrienei aurre egiteko plantillak pairatu izan duen plangintza eta aurreikuspen falta ezin da inola ere berriro gertatu.

Hala ere, gaur egun, Osasun Sailak ez du urratsik eman Osakidetzako profesionalek beren lana egin eta pandemiari aurre egin ahal izateko modu egoki eta bermatzailean. Uda honetan Lehen Arretaren egoera horren adibide ona da. Zoritxarrez, Lehen Arretako profesionalek udan jasaten duten gainkarga ez da berria, urtez urte gertatzen da Osasun Sailak konponbiderik martxan jarri gabe. Izan ere, egoera horrek berak ekarri zituen iaz deitutako hiru greba-egunak.

Aurten, ordea, gainkarga hori nabariagoa eta nabarmenagoa da, ohikoa den horri egungo osasun-krisiaren ondoriozko lan guztia gehitzen baitzaio. Hala, nahiz eta koronabirusaren ondorioak duela zenbait hilabete ezagutu, Osakidetzak azken urteetan egin duen udako planifikazioa izan da aurten ere: Lehen Arreta %50ean (edo gutxiagoan, kasu batzuetan) eta ospitaleetako oheen %20a ixtea. Egoera horretan, ospitaleko presioa handituz doa, eta Lehen Arretako egoera, berriz, jasanezina da.

Beharrezkoa da berehalako neurriak hartzea udazkenari aurre egiteko, gero eta nabarmenagoa baita garai konplexua izango dela gure osasun sistemarentzat. Baina ez gara berehalakoan bakarrik geratu behar, premiazkoa da etorkizuneko apustu bat egitea eta Osakidetzak behar duen errefortzuari eta garapenari heltzea, haren gabeziak inoiz baino nabariagoak baitira pandemia honetan. Benetako arazoa osasun sistemaren desegitea da, eta osasun publikoan ez inbertitzea, batez ere Lehen Arretan. Premiazkoa da lan-baldintzak hobetzea eta osasunaren giza baliabideak eta baliabide materialak behingoz handitzea.

Joan den uztailaren 28an, ELAk prebentzio eta antolaketa neurrien dekalogo bat aurkeztu zion Osasun Sailari, plantillaren segurtasuna eta osasuna babesteko eta berragerraldien aurrean herritarrei kalitatezko arreta bermatzeko. Neurri horiek inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur egun, birusaren hedapena ikusita: beharrezkoa da oinarrizko prebentzio-unitateen plantilla bikoiztea; opor guztiak eta langileen gainerako absentziak ordezkatzea, eta langileak indartzea arlo eta kategoria sentikorretan, bai Lehen Arretan, bai ospitaleetan; nahikoa eta egokia den babes-materiala pilatzea; ospitaleratu, esku hartu edo diagnostiko-proba egin baino lehen, pazienteei PCR proba bat egitea, hurrengo 15 egunetan errepikatzen dena (ospitalean jarraitzen badu); aldizkako testa langile guztiei; lanpostu bakoitzaren esposizio-arriskuaren eta lan-arriskuen

banakako ebaluazioa; protokolo egokiak, homogeneoak eta argiak; aldi baterako ezintasun-egoeran deklaratzea pertsona zaurgarri edo arriskugarri gisa kalifikatutako langileak; lan-eremuen garbiketa eta desinfekzioa indartzea eta protokolizatzea; kategoria guztietako lan-eremuek prebentzio eta babes neurriak betetzen dituztela bermatzea (itxiturak, langileen arteko banantzea, aireztapena, garbiketa, etab...) 

Baina berehalako neurri horietatik haratago, Osasun Sailak neurri sakonak eta etorkizunekoak jarri behar ditu abian, kalitatezko osasun publikoa bermatzeko eta bizi dugun egoerari aurre egiteko:

  • Osasunera bideratutako aurrekontu partida handitzea: azken urteetan aplikatutako murrizketa-politikek murrizketa ekarri dute osasungintzara bideratutako inbertsioan, bereziki Lehen Arretan. Osasunera bideratutako aurrekontua handitu eta EBko batez bestekoarekin parekatu behar da: BPGaren %7.
  • Azken urteotan aplikatutako murrizketa guztiak itzuli behar dira: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala, erretiro aurreratuko primak. Osakidetzako profesionalak izan dira Eusko Jaurlaritzak azken urteotan aplikatutako murrizketa-politika publikoen eraginpeko taldeetako bat.
  • Aldi baterako enplegua finkatzea: gaur egun, Osakidetzako langileen %40a aldi baterakoak dira, 15.000 langilek baino gehiagok dute aldi baterako kontratua. Langileek urte luzez izaten dituzte behin-behineko kontratuak eta destinoak, harik eta, kasurik onenean, lanpostu finko bat lortzen duten arte. Langile batzuk erretiro-adinera iristen dira behin-behineko izanda. Ezinbestekoa da plantilla hori kontsolidatzea.
  • Egiturazko plantilla handitzea: gaur egun, milaka langilek dute aldi baterako kontratua, iruzurrean ezkutuan dauden lanpostuak betetzen, eta ez dira egiturazko plantillakoak. Horretaz gain, egungo plantillak ez du neurri egokirik lan-bolumenari aurre egiteko. Horregatik, plantilla handitu behar da, 5.000 lanpostu berri sortuz.
  • Pribatizatutako zerbitzuen publifikazioa, enplegua mantenduz.

Kalitatezko osasun publikoa izateko, beharrezkoa da langileen lan-baldintzak hobetzea eta Osakidetzako giza baliabideak eta baliabide materialak haunditzea. Egun hauetan asko hitz egiten da familia-medikuen eskasiaz. Kontatzen ez dena da Osasun Sailak ez duela ezer egin eta ez duela plangintzarik egin, egoera hau iritsiko zela jakinda (deialdi bakoitzetik ateratzen diren BAMek ez dituzte estaltzen gertatu diren eta gertatuko diren erretiro-kopuru handia) eta egoera hau plangitza falta horren eta langileen tratu txar sistematikoaren ondorioa dela. Horren ondorioz, osasun pribatura, atzerrira edo beste espezialitate batzuetara joan dira medikuak. Azken 9 urteetan, Espainian, medikuek 17.800 ziurtagiri inguru eskatu dituzte atzerrian lan egiteko.

Osasun Departamentuari eskatzen diogu berehalako eta sakoneko urratsak eman ditzala eta osasun arloko politikak errotik alda ditzala. Bestela, eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu, mobilizazioa barne.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.