2025-05-26 09:45
Fiskaltzak aurretik egin bezala, ELAk ere kereila ezarri du Guardian Taldearen arduradunen aurka. Delitu sozietarioez gain, fiskalak eskatu bezala, langileen kontrako delituak ere ikertzea eskatu dio ELAk epaitegiari

ELAk salaketa penala aurkeztu du Amurrioko Instrukzio Epaitegian Guardian Europako lehendakariordearen eta gai juridikoetako arduradunaren aurka, Guardian Taldearekin eta Grupo Parterrekin lotutako enpresetako kudeatzaileez gain, Autoglas enpresan izandako gertakariengatik.

Salaketa Guardian Llodio Uno enpresaren zati bat (Autoglas), Parter Capital taldeari saldu zitzaionean gertatu zen, 2020an. Horren ondorioz, enpresa itxi egin zen 2024ko uztailean, “argi eta garbi orkestratuta eta aurrez pentsatuta, salerosketa enpresa-eragiketa simulatua izan baitzen”. Horregatik, ELAk uste du administrazio desleialeko delitu bat dagoela, baita kaudimengabezia zigorgarriko delitu bat ere, Fiskaltzak ere salatu zuena eta epaitegiak jadanik ikertzea erabaki duena. ELAren ustez, aurreko delituaz gain, langileen oinarrizko eskubideen aurkako delitu bat ere izan daiteke eta epaitegiari eskatu dio ustezko delitu hau ere iker dezala.

ELAren iritziz, Guardian taldeak itxurazko salerosketa bat martxan jarri zuen langileei kaleratze kolektibo batek ezartzen dizkien eskubideak alboratu eta kaleratze horien aurka aritzea ekiditeko.

ELAk salatu nahi du Guardian eta Parter-en arteko itxurazko salerosketa horrek Eusko Jaurlaritzaren babesa izan zuela, are gehiago, Autoglasi dirulaguntza handiak ematea aurreikusi zuela. ELAk ez du onartuko Euskal Herriko langileei kalte egingo dien “itxurazko enpresa-jarduerarik”, eta bere interesak defendatuko ditu, “behar den leku guztietan”. Zigor prozedura honek “etorkizunean berriz ere horrelako jarduerarik ez errepikatzeko” balio dezala espero du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.