2025-06-19 10:42
Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek uko egin diote 2025-2026 ikasturterako Greba Amaierako Akordioan (AFH) itundutako eskola orduaren murrizketa aplikatzeari.

ELAk kontzentrazioa egin du Donostian, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalari exijitzeko bete dezala greba amaierako akordioa eta aplika dezala itundutako eskola orduaren murrizketa. Izan ere, negoziazio mahaiaren azken bileran, ekainaren 4an, sindikatuek eskatuta egindako bileran, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek jakinarazi zieten ez dutela aplikatuko 2025-2026 ikasturterako Greba Amaierako Akordioan (AFH) itundutako eskola orduaren murrizketa, ez behintzat Eusko Jaurlaritzaren finantzazio gehigarririk ez dagoen bitartean. Mobilizazioen helburua Greba Amaierako Akordioan adostutako edukiak betetzea da, horiek hitzarmenean sartzea, eta 2025erako soldatak ixtea. ELAk ez du baztertzen epaitegietara jotzea.

Sindikatuek gogorarazi lortutako akordioan, eskola orduak murriztea ez zegoela Eusko Jaurlaritzaren finantzaketaren mende, beraz, patronala adostutakoa urratzen ari da.

Gauzak horrela, ELAk epaitegietara eramatea aztertuko du, soldatekin egin zuen bezala. Hala ere, deitoratu duenez, bide juridikoak luze jo dezake, eta urteak igaro daitezke epai irmoa izan arte.

Gainera, gogorarazi du 16 hilabete igaro direla 2024ko otsailaren 5ean greba amaitzeko akordioa sinatu zutenetik. "Patronalen asmo txarraren ondorioz, adostutako edukiak jasotzen dituen hitzarmenik gabe jarraitzen dugu, eta langileek auzitara jo behar izan dute hitzartutako soldatak kobratzen hasteko", salatu dute.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.