2019-09-24 16:11
ELAk 2018an martxoaren 8ko greba zela eta bere langileei atxikitako zenbatekoaren zati bat Palestinako proiektu batera bideratu zuen: Samouko Lanbide Heziketako Zentroa. Langabeen sindikatu palestinarrak Hebron inguruan sortutako ikastetxeak emakumeei formazioa ematen die jostunak izateko, moda diseinua, bordatuak eta artisautzan trebatzeko.

Zisjordania hegoaldeko muturrean Lerro Berdera iritsi aurretik Samou da azken herria, eta israeldar kokapenez inguratuta dago. Herriko nekazaritza ia lur guztiak eta ura kendu dizkiete, bizimodua eragotziz. Honek eragin zuen biztanleen ogibide nagusia Israelen eta kokapenetan eskulana bilakatzea. Haatik, Bigarren Intifada zela eta Israelek mugak itxi izanak eta lan-baimenak lortzeko aukera gogortu izanak ekarri du familia asko Samou eta antzeko komunitateetan enplegurik eta bizirauteko aukerarik gabe egotea.

Israelen politika errepresiboak eta Agintaritza Palestinarraren politika neoliberala komunitateak zeharo pobretzen ari dira. Gogora ekarri behar da lurralde palestinar okupatuak munduko langabezia tasarik handiena duela, eta emakume zein gazteek pairatzen dutela gehien enplegu eskasia hori.

Samou Lanbide Heziketa Zentroa 2019ko apirilean ireki zen enplegua aurkitzeko oztopo gehien topatzen duten emakumeak trebatzeko, esaterako alargunak, umezurtzak eta dibortziatuak. Ikastetxeak espazioa, makinak, materialak eta prestakuntza programak eskaintzen ditu emakumeek aipatutako ofizioak ikas ditzaten, lana aurkitze aldera. Halaber, irakasten die prestakuntza amaitutakoan formatzaile izateko aukera izan dezaten.

Proiektu hau abiapuntu bat da komunitatearen bizitzan, baina hedatzeko potentzial handia du. Etorkizunean espero da ikastetxeak eskaintza beste kolektibo batzuri ere zabaltzea, komunitatean beharrezko diren beste ofizio eta lanbideak barne: kontularitza, sakeleko telefonoen konponketa, proiektuen administrazioa, azuleiu eta elektrizitate lanak, etab. Aurrerago Palestinako beste herri batzutan zentro gehiago irekitzeko asmoa dago, enplegu aukerak sortu eta langabeziari aurre egiteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.