ELAk salatu du Osakidetzak itxitzat eman duela II. Berdintasun Plana, plantillaren babesik eta sindikatuen oniritzirik gabe. Argi geratu da, beste behin ere, zein izan den Osakidetzaren helburua: formalki onartutako plan bat izatea, legeak hala eskatzen duelako. Osakidetzak ez du benetako borondaterik izan plan hau tresna eraginkorra izan dadin gertatzen eta errepikatzen diren genero-arrakalei aurre egiteko.
Hasieratik, ELAk salatu duenez, Osakidetzak negoziazio-egutegi erabat irreala eta egingarria ez zena planteatu du. Benetan berdintasun plan eraginkor bat negoziatu eta adostu nahi bada, Osakidetzak arlo horretan dituen benetako arazoei heldu beharko lieke. 45.000 pertsonari baino gehiagori eragiten dien eta datozen lau urteetan eman beharreko pausoak markatuko dituen plan bat ezin da amaitutzat eman ezarritako
epean. Gainera, sindikatuei ematen zaien parte-hartzea oso eskasa izan da. Dokumentuei alegazioak egiteko epeak oso laburrak izan dira, eta, beraz, ezin izan da dokumentu bakoitza gutxieneko sakontasunez landu.
ELAk argi du berdintasun plan oro diagnostiko egoki eta zehatz batetik abiatu behar dela, genero arrakaletan eragina duten faktore guztiak aztertuko dituena. Lehen plana diagnostiko zaharkitu eta desegoki batetik abiatu zen, eta ez zien plantillari zuzenean eragiten zioten gaiei heltzen. Gauza bera gertatzen da egungo diagnostikoarekin, aurrekoaren jarraipena baino ez baita, eta ez baititu jasotzen indarrean dagoen legeriak
eskatzen dituen gutxieneko baldintzak eta datuak. Hala, II. Berdintasun Plana osatu gabeko diagnostiko batekin aurkeztu da.
ELAk uste du Berdintasun Plana tresna bat dela genero desberdintasun guztiei benetan eta eraginkortasunez heltzeko. Horregatik, salatu du II. Berdintasun Planak ez diela behar horiei erantzuten, eta Osakidetzaren propagandarako tresna bat dela.