ELAk LABi lanuzte orokorrak deitzea proposatu dio Palestinako genozidioaren aurka eta erakunde eta enpresa guztiek Israelekin harreman komertzial guztiak etetea eskatzeko. ELAk uste du Euskal Herritik hemengo instituzioak eta enpresak presionatu behar direla benetako neurriak har ditzaten.
CCOO eta UGT mobilizazioak deitzekoak dira Palestinako genozidioaren aurka. Europa eta Estatu Batuak interpelatzen dituzte eta ez dute ezer esaten Espainian Gobernuak edo enpresek hartu ditzaketen erabakiei buruz. Azken finean, deialdi horien ondorio bakarra Sanchez babestea da eta ez du presio eraginkorrik sortzen Palestinako egoera aldatu dadin. ELAren ustez, Israelekin harreman komertzialak eteteko momentua da. Era berean, Sidenorren ELAren, LABen eta ESKren presioei esker Israeli altzairua saltzeari utzi zitzaion eta CAFen zuzendaritzari aurre egiten ari zaizkie Palestinan kolonizazioaren zerbitzura dagoen trena eraikitzeari utzi diezaion. Madrilen egindako deialdietan hori ez da agertzen.
Euskal Herriak erakutsi du Palestinaren alde mobilizazioa bereiziak egiteko gaitasuna duela, bestelako mezu batekin: ezin zaio Israeli ezer erosi eta ezin zaio Israeli ezer saldu. Euskal Herrian mobilizazioak Israelekiko erabateko boikota babesteko egiten dira, eta ELArentzat ezinbestekoa da mezu hori nagusitzea.
Gauzak horrela, ELAk LABi proposatu dio urriaren 13an (edo beste data batean, baina urriaren 15a ez den egun batean) lanuzte orokorrak deitzea. Euskal Herriak ahots propioa izan du, Espainiakoa baino askoz exijenteagoa, eta ELAk horri eustea proposatu du.
ELAk espero du eragile guztien artean mobilizazioak adostu ahal izatea, Israeli boikotaren alde, harreman komertzial guztiak eteteko eta Palestinako genozidioa geldiarazteko neurri zehatzak hartu daitezen.