2020-03-27 10:02
Coronavirusa dela eta 2020-rako EPE data kolokan dagoen honetan, ELAk EAE eta Nafarroei Gobernuei gogorarazten die azterketa dataz haratago eredua bera eta plaza kopurua aldatzea ezinbestekoa dela europar sententziak aipatzen duen behin behinekotasun abusua ekiditeko.

Jakina denez, Coronavirusa dela eta bizi dugun ez ohiko egoera honek Gizarte osoan du eragina eta beraz, baita Hezkuntza sisteman eta honen funtzionamenduan ere.

Osasun larrialdi egoera hau hasi zenetik, erabaki desberdinak hartzen joan dira Gobernuetatik eta egunero protokolo zein agindu berriak izan ditugu.

Puntu honetan, Hezkuntzari dagokionean ere erabaki ugari hartu dira dagoeneko eta beste zenbait pendiente daude oraindik ere. Espainair Gobernuak erkidego autonometako gobernuekin  Asteazkenean (martxoak 25) izan zuen azken bilera, bertan izan zirelarik gure herriko gobernuen ordezkariak ere, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernua.  Bertan selektibitate proben inguko datak eta data margenak erabaki ziren antza eta ondorioa selektibitatea atzeratzea izan da. Aldiz, guk dakigula, oraindik ez da 2020ko oposaketeten inguruko irizpiderik finkatu eta ez EAE-ko gobernuak eta ez Nafarroakoak ez du oraindik inolako erabakirik jakinarazi.

Egoera honetan, ELA-tik honakoa adierazi nahi dugu:

ELA-k ez du ontzat ematen egun Gobernuek inposatzen duten OPE eredua, ez eta deialdira ateratako plaza kopuruak ere.

Oso larria iruditzen zaigu europar sententziak baieztatu berri duen bezala, Espainiar estatuan eta EAE zein Nafarroan egin den behin behineko langileen erabilpen abusiboa. Eta are eta larriagoa iruditzen zaigu egoera hau iraultzeko Gobernuen aldetik ez egotea gaur gaurkoz inolako proposamen eraginkorrik. Bereziki salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, hezkuntza eskuduntza osoa izanik ere, Espaniako gobernuaren erabakiei egiten dioten segidismoa, baita gai honetan ere. Zentzu honetan,  ELAk hezkuntza eskumenak babesteko deia luzatzen die Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari, bakoitzak bere behar eta egoeraren araberako oposizio eredua zein lanpostu kopurua deitzeko aukera izan dezan, besteak beste erreposizio tasa mugarik gabe. Espainiar Gobernuak ezarritako eredua bere egiteak negoziazio kolektiboa estatuko markoen menpe uzten du, bertako langileen ordezkaritza mespretxatuz.

Behin behinekotasun tasa onartezina den honetan, ELA-tik aspaldi aldarrikatu dugu ezinbestekoa dela egun Hezkuntza publikoan behin behineko bezala lanean diarduten langileei begirako kontsolidazio prozesuak martxan jartzea, hau da, bai plaza kopuru eta bai prezesuaren eredu negoziatu bat. Horretaz gain, beharrezko ikusten dugu etorkizunean egoera bera ez errepikatzea bermatuko duten mekanismoak ere ezartzea.

Salbuespenezko egoera honetan hori da irtenbide bakarra eta beraz, ELA-tik hau aldarrikatzen eta exijitzen jarraituko diegu Eusko jaurlariza eta Nafarroako gobernuei eta ez dugu ontzat emango egungo ereduaren baitan hartzen den bestelako erabakirik.

Hau esanda, eta ondo dakigun bezala, dagoeneko martxan direnez guk babesten ez ditugun irizpideen baitan deitutako oposaketak, jende asko dago hauen pendiente eta kezkatuta. Hala izanik, ezinbestekoa iruditzen zaigu, Coronavirusak sortutako ez ohiko egoera honetan, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako gobernuak hartu beharreko erabakiak lehenbailen hartzea. Denontzat da egoera berria, baina Gobernuek erantzukizuna dute erabakiak hartu eta egoera ahalik eta hoberen kudeatzeko. Beraz, aurtengo oposaketekin gartatuko dena ahalik eta azkarren erabakitzea eskatzen diegu. Oposaketa prestatzen ari den jendeak gutxieneko aurreikuspen batekin antolatu behar baitu etorkizun hurbila.

Erabakiak hartzearekin batera noski, gardentasun osoa eskatzen diegu gure Gobernuei. Hartzen diren erabakiak gurekin partekatzea eta informazio osoa elkarbanatzea. Erabakien arrazoiak eta egokitasuna sozializatu eta benetan gizartearen gehiengoari begira hartutako erabakiak izan daitezela.

ELA-tik ulertzen dugu erabakia ez dela batere erraza. Alde batetik, osasun publikoa dago arriskuan eta ezin dugu jendearen segurtasuna kolokan jarri eta bestetik, oso kontuan izan behar dugu oposaketak egungo datetan mantentzeak ze ondorio izan ditzakeen. Egungo datetan egingo badira, berme guztiekin egin ahalko direla bermatu beharko litzateke, hau da, frogak normaltasunez burutu ahalko direla, aurretiazko prestaketa guztia burututa… Gainera, kontuan izan behar da baita ere konfinamendu egoera honetan oposaketa prestaketa asko zaildu dela askorentzat, izan ere, egoera ez da batere erraza orokorrean baina bereziki zaintza lanak dituztenentzat ezinezkoa egiten ari dela esan genezake.

Beraz, erabakia hartzerakoan guztia kontuan izatea esakatzen dugu eta hartzen den erabakiak ahalik eta kalte gutxien sortzea oposaketara aurkeztekoak direnei.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.