2020-03-13 12:07
ELAk soldata-arrakalari aurre egiteko neurri garrantzitsuak jasotzen dituen erreferentziazko akordioa lortu du Gizatzen enpresan, IMQ taldean garbiketa-lanez arduratzen den enpresan. Lehen aldiz jasotzen da, adibidez, garbiketako sektore feminizatuen eta maskulinizatuen artean dagoen soldata-arrakalaren aurkako neurriak hartzeko konpromisoa. Akordio hau inflexio-puntua da, erreferentziazkoa bilakatuko dena etorkizunean berdintasun-planak negoziatzeari begira. ELAk bi asteko greba baterako deialdia egin ostean lortu dute akordioa.Hain zuzen, garbiketaren sektoreko langileek, eta, zehazki, IMQ taldean lan egiten duten langileek pairatzen duten soldata-arrakalaren aurka borrokatzeko benetako neurri eraginkorrak hartuko lituzkeen plan bat defendatzeko asmoz iragarri zuten greba. ELAk enpresei eskatzen die serio har dezatela berdintasun planen negoziazioa, eta "propaganda eta irudia zuritzeko tresna huts gisa erabiltzeari utz diezaiotela. Berdintasun planek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean benetako pausoak ematea ahalbidetuko duten tresnak izan behar dute".

Sinatutako akordioak langileentzako aparteko neurriak jasotzen ditu: aldi baterako 31 kontratu kontratu mugagabe bihurtzea; lanaldiak handitzeko beste lan-poltsa bat sortzea; bitarteko langileen prekarietatea mugatzeko txandakako hiru lanpostu finko sortzea; lanpostu hutsak kontratu mugagabeen bidez betetzea; Emakunderen sexu-jazarpenaren aurkako protokoloa ezartzea; berdintasunaren arloko prestakuntza enpresaren kontura eta lanaldiaren baitan; eta lanean kategoriaz igotzeko formakuntza enpresaren kontura eta lanaldiaren baitan.

Lehen aldiz jasotzen da, halaber, garbiketako sektore feminizatuen eta maskulinizatuen artean dagoen soldata-arrakalaren aurkako neurriak hartzeko konpromisoa. ELAk gogorarazi du kolektibo feminizatua dela hau, eta honako ezaugarri hauek dituela: lanaldi partzialeko kontratazioa, behin-behineko kontratazioa, kategoria-igoeren murrizketak eta balio bereko funtzioak betetzen dituzten beste kolektibo maskulinizatu batzuekiko soldata-diferentzia handia.

IMQ taldeko garbitzaileen artean soldata-arrakala egotea, neurri handi batean, enpresa-talde horren ardura dela baieztatu du sindikatuak, azpikontratatutako enpresekin kontratua esleitzean lan-baldintzak zehazten dituen prezioa ematen baitu. Hori dela eta, ELAk bilera bat eskatuko dio IMQ Taldeari, gai horri heltzeko eta soldata-arrakala ere ezabatzeko benetako urratsak egin daitezela eskatzeko.

Sinatutako akordioa inflexio-puntua da, eta etorkizunerako erreferentzia bat ezartzen du berdintasun-planen negoziazioari begira.

ELAk Gizatzen-eko langileak zoriondu ditu eman duten adibideagatik eta garbiketaren sektorean erreferente garrantzitsu bat sortzen laguntzeagatik, sektoreko beste enpresa batzuentzat beste bide bat irekiko duena.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.