2025-09-09 15:03
Bi greba egun deitu ditu langile batzordeak: irailaren 16 eta 18an.

Garnica multinazionalak jakinarazi du 39 langile kaleratu nahi dituela EEE baten bidez. Hala adierazi die sindikatuei gaur egindako kontsulta aldiko lehen bileran. ELAk ez du EEE hori onartzen, eta eskatu du lehenbailehen bertan behera uzteko.

Garnicak, zura sektoreko enpresak, hainbat lantoki ditu espainiar eta frantziar estatuan. Abuztua baino lehen hainbat bilera egin ziren Laudioko enpresa batzordearekin (3 LAB, 2 ELA, 2 CCOO, 2 UGT), enpresa hitzarmenaren berritzea dela eta. Bilera horietan, ordea, ez zuen gerora etorriko zenaren inolako asmorik adierazi. Irailean, ordea, 39 lagun kaleratu nahi ditu ekoizpen eta antolaketa arazoak argudiatuta.

Atzo, irailaren 8an, batzarra egin zuten langileek, eta kaleratze kopurua ezagutu aurretik erabaki zuten bi greba egun deitzea datorren astean (irailak 16 eta 18). ELAk uste du irmo erantzun behar zaiola enpresaren asmoei, mobilizazio eta greba gehiagorekin.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.