Igoera izan arren, euskal administrazioen aurrekontuak oso murriztaileak dira oraindik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Rajoyrekin hitzartu zuen gastu-araua beteko zela, alegia, 2018ko aurrekontuaren hazkundea zeharo mugatuko zuela, bide batez murrizketa politikari eutsita.
Gastu-arauak, zeina ez legokeen indarrean EAJren aldeko botoa jaso izan ez balu, administrazio guztiei ezartzen die aurrekontuak ez direla %2,4tik gora haziko. Beraz, diru-bilketa espero baino handiagoa bada, derrigorrezkoa da sarrera handiago hori zorra ordaintzera bideratzea.
Halere, gastu-arauak ematen du aukera aurrekontua muga horretatik gora gehitzeko, baldin eta diru-sarrera handiagoak ekarriko lituzkeen zerga-erreforma bat egiten bada. Haatik, EAEn EAJk, PPk eta PSE-EEk adostu dute Sozietateen Zerga 4 puntu jaistea. ELAk salatu du erreforma honen arduradunek ez dutela inolako kalkulu ofizialik aurkeztu jakiteko jaitsiera horrek diru-bilketan zer nolako eragina izango duen.
PPrekin gastu-araua hitzartu eta bera betetzeak Itun Ekonomikoari eragiten dio zuzenean, eragotzi egiten baitie euskal administrazioei, baliabide gehiago izanda ere, erabakitzea zenbat eta zertan gastatu. Gastu-arauak, beraz, autogobernua areago higatzen du.
ELAren iritziz EAEko administrazioek (Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek) beren erabakien ondorioak ezkutatzen dituzte, horretarako nahasmena nagusituz.
Horrenbestez, ELAk galdegin du diru-bilketa handiagoa oso-osorik erabil dadila zerbitzu publikoak (Osasuna, Hezkuntza) eta gizarte-prestazioak hobetzeko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien 2018ko aurrekontuak aldatu behar dira, izango diren aurrekontu igoerak zehaztuz.
Bestalde, ELAk exijitzen du Sozietateen gaineko Zergaren jaitsiera geldiaraztea. Lehenik, diru-bilketan izango duen eragina kalkulatu behar da (zerga gaietako hainbat adituk esan du patronalari egindako “oparia” 200 milioi euro ingurukoa izan daitekeela). Behar dugun zerga-erreformak tasa handiagoak ezarri behar dizkie enpresen etekinei, errenta altuei eta kapitalari.
Beraz, ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ez dezala gastu-arauaren aplikazioa adostu Estatuarekin eta ezagutzera eman ditzala aurrekontuari araua aplikatzeko egin diren kalkuluak.
Sindikatu honen ustez, ezinezkoa da gizarte-politikak blindatzea eta aldi berean duela gutxi ezarritako inboluzio soziala betetzea (Konstituzioko 135. artikuluaren erreforma, Aurrekontu Egonkortasunerako Legea eta bere ondorioak, esaterako defizit muga, zorraren ordainaren lehentasuna eta gastu-araua). Politika hori gizarte eredu bidezko eta solidarioaren aurkako estatu-kolpea da.
Krisi garaian euskal administrazioek esan zuten murrizketak egin behar zirela diru-bilketa txikiagoa zelako; orain, diru gehiago biltzen ari direlarik, EAJk eta PPk politikari mugak ezartzen dizkiote desberdintasun sozialak areagotzeko.