2020-01-16 09:39
Eskaera bat aurkeztu zuen atzo Funtzio Publikoko sailburuordeari, Mahai Orokorra berehala deitu dezan.

Eusko Legebiltzarrak joan den abenduaren 27an onartu zituen 2020. urterako EAEko aurrekontuak. Aurrekontu horien atal batzuetan Mahai Orokorreko langileen lan baldintzetan eragin zuzena duten gaiak aipatzen dira.

Besteak beste, Aurrekontu Legeak atea irekitzen dio izaera estrukturaleko lanpostuak edo plazak finkatzeari, 2020rako soldatak igotzea planteatzen du, baita Itzarrira ekarpena egitea ere, eta abar.

Bestalde, aurrekontu horiek erretiro-primen murrizketa modu ulertezinean mantentzen badute ere, Legeak berak bere artikuluetan adierazten du negoziazio-prozesu bat irekiko dela Mahai Orokorrean, erretiroaren ohiko adina baino lehen erretiroa sustatzera bideratutako zenbatekoen baldintzak, betekizunak eta zenbatekoak arautzeko.

Horregatik guztiagatik, ELAk idazki bat aurkeztu zuen atzo urtarrilak 15 Eusko jaularitzan  Jaurlaritzan, Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeari zuzendua, Mahai Orokorra berehala deitzeko eskatuz.

Bilera horretan, ELAk Jaurlaritzari eskatuko dio, Mahai Orokorrak eragindako langileen %35 baino gehiago aldi baterako egoeran egotearen arduradun nagusia denez – Estatu osoko behinbehinekotasun-tasarik altuena, aldi baterako kontratazioarekin egiturazko lanpostuak betetzen dituzten milaka eta milaka langileri enplegua finkatzeko proposamena egin dezala.

Bestalde, soldaten arloan, ELAk berriro eskatuko dio sailburuordeari benetako negoziazio-prozesu bat ireki dezala langileek galdutako eroste-ahalmena berreskuratzeko ta langileekiko duen zorra aitortu dezala.   

Itzarri ELAri dagokionez, ekarpen osoa berreskuratzeko eta bere langileei murriztutako kopurua itzultzeko eskatuko du; puntu honetan, gogorarazi nahi dugu Jaurlaritzak adostutako ekarpenaren erdia egiten duela, eta ez dagoela horretarako legezko inolako eragozpenik.

Erretiroari eta plantillen berritzeari dagokionez, ELAk Gobernuari eskatuko dio erretiro-primak berehala ezartzea. Bestetik, langile guztien erretiro aurreraturako formulak bila ditzala ere; lan-kontratuko langileentzat, jubilazio partziala eta errelebu-kontratua, itundutako hitzarmenean adostutako parametroetan, eta gainerako langileentzat antzeko formulak ezartzea erretiro aurreratua eta plantillak gaztetzea ahalbidetuko dutenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.