2020-01-20 16:00
Auzitegi Goreneko epaiak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia partzialki baliogabetzen du, eta murriztutako soldata ordaintzeko data finkatzera behartzen du.

ELAk Auzitegi Konstituzionalera jo behar izan zuen sozietate publikoetako langileei inposatutako soldata murrizketa berreskuratu ahal izateko. 8/2010 Legegintzako Errege Dekretuak esparru horretan murrizketa hori ez zela aplikatu behar ezarri arren, langileek soldata murrizketa pairatu zuten. Epaiak 2015eko uztailaren 31tik aurrera kobratzeko eskubidea aitortu zuen. Hori dela eta, ELAk demanda kolektiboa aurkeztu zuen bai lan arloko Donostiako epaitegian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, eta besteak beste, 2010eko ekainetik ordaintzea eskatu zuen, data horretan egin baitzen soldata deskontua.

Bi epaiak murriztutakoa berreskuratzearen aurkakoak izan ziren: EAEANren kasuan, honek ez zuen ELAk jarritako demandaren zati bati buruzko iritzirik ere eman, eta, beraz, sindikatu honek kasazio errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Auzitegi Gorenak, 2019ko abenduaren 17an, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia partzialki baliogabetu du, demandaren asmoetako bati buruzko erabakirik hartu ez duelako; izan ere, ez du ordainketen atzeraeraginari buruzko iritzirik eman, eta horrek babes judizialerako oinarrizko eskubidea urratzea ekarri du, defentsa gabeziagatik.

Orain, EAEANri dagokio berriz ere gai honi buruzko iritzia ematea eta Euskadiko Orkestrak legez kanpo murriztutako soldatak plantillari noiztik ordaindu behar zaizkion zehaztea. Epai berri honen ondoren, ELAk Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendaritzari 2010eko irailaren 2an zuzendaritza eta enpresa batzordeak adostutakoa bete dezala exijitzen dio, eta honen ondorioz, 2010eko ekainetik murriztutako soldatak berehala ordaindu eta erregularizatu ditzala eskatzen dio.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.