2020-04-28 18:23
ELA eta LAB sindikatuek sektoreko langileak eta haien legezko ordezkariak errespetatzeko exijituko dute bihar Hezkuntza Sailarekin egingo duten bileran. Ildo horretan, eskatu dute irakaskuntzarekin zerikusia duen edozein erabaki publiko egin aurretik sindikatuekin negozia dezatela, eta, horrela, azken aldiko modu autoritarioak alde batera utz ditzatela. "Onartezina iruditzen zaigu bai langileengan bai hezkuntza-komunitate osoarengan eragin handia duten erabakiak eta neurriak alde bakarrez hartzea, sektoreko langileen proposamenei entzungor eginez", salatu dute.

Era berean, ELAk eta LABek, biharko bilerari begira, berariaz eskatzen diote Hezkuntza Sailari erantzun egokia eta zehatza eman diezaiela sindikatu horiek administrazio-prozedurei dagokienez egindako galdera, eskaera eta salaketei: lekualdatzeak, baremo berriak, oposizioak, esleipenak, matrikulazioa, aurreikuspenak eta/edo egonkortasuna; ikasturte amaierako plangintza: segurtasun-neurriak, ordezkapenak lehen egunetik, 165 eguneko betekizuna egokitzea uda kobratzeko, aldaketak eta sartu berri diren funtzionarioen praktiken egokitzapena; baita 2020/21 ikasturteari dagozkion beste gai batzuk ere: selektibitatea, ratioen berrikuspena, ratio berrietara egokitutako langileen hornikuntza, curriculum-egokitzapenak, eten digitalari aurre egiteko neurriak, eta abar. Sindikatu horien ustez, gai horiek guztiak, duten garrantziagatik, adostasunez lortu behar dira, eta, beraz, ekarpenak kontuan hartzea aldarrikatzen dute. 

ELAk, LABekin batera, salatu du azken asteotan hainbat galdera, iritzi, iradokizun eta eskaera helarazi dizkiotela Hezkuntza Sailari Covid-19ren inguruan hartutako erabakien eta aplikatutako neurrien inguruan; era berean, aldi honetan gertatu diren eskubide urraketak salatu dituzte.

Trukean, isiltasuna eta mespretxua baino ez dute jaso Jaurlaritzaren aldetik. 

Joan den apirilaren 22an, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ikasturte amaierarako bere plana aurkeztu zuen prentsaren aurrean, aldez aurretik sindikatuekin eta langileekin partekatu eta adostu gabeko proiektua berau. 

Bihar, sare publikoko sindikatuak bilera batera deitu dituzte, gai-zerrendarik gabe, eta, beraz, eszeptikoak dira horren emaitzei buruz. "Ez da Eusko Jaurlaritzaren jarrera antidemokratikoa salatzen dugun lehen aldia, baina onartezintzat jotzen dugu bizitzen ari garen salbuespenezko egoera baliatzea langileen bizkar neurriak eta erabakiak hartzeko", salatu dute, eta amaitzeko, aurreko astean Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialeko mahaia deitu zuenean izandako inkoherentzia azpimarratu dute, irakaskuntza publikoko sindikatuak sektorearentzat ezinbestekoak diren erabakiak hartzetik behin eta berriz baztertzen dituen bitartean. 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.