2019-03-15 09:41
ELAren greba-deialdiak direla-eta, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak geroratu du eskola-jantokiak kudeatzeko eredu berriaren ezarpena. Greba martxoaren 20, 21 era 22rako zegoen deituta.

Aurtengo hasiera eromenezkoa izan da. Urtarrilaren 10ean Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eskola-jantokien eredu-aldaketa iragarri zuen. Alde bakarretik eta arduragabekeriaz egin zuen. Prozesuan zuen erantzukizuna eta kidego horretako langileen kontratazioa eta lan-baldintzak gainetik astindu nahian zebilen. Eta bere planteamendura jendea erakartzeko, gurasoen elkarteen hurbileko kudeaketa erakusten zuen. Baina ez zuen lortu. ELAk hasiera-hasieratik salatu zuen egoera.

Hezkuntza Sailak azpikontrataturiko Kudeaketa Zuzeneko plantillen erantzuna eredugarria izan da. Aste gutxitan altxatu ginen zapalkuntza horren aurka; orduan, gainera, baldintza-pleguak argitaratzear zeuden, eta gure asmoa hitzarmen kolektibo egoki bat lortzea zen, eguneroko prekarietatea kendu eta lan-kargak arinduko zituena.

Zenbait sindikatuk lasterka eta muturka sinatu zuten hitzarmen kolektiboa, langileen borroka uxatu nahian, otsailaren 26rako deialdiak inoiz ez bezalako erantzuna izango zuelakoan. Sinadura haren ondorioak jasaten ari gara dagoeneko.

Testuinguru horretan, ELAn borrokan jarraitzea erabaki genuen. Gai asko jorratzeko zain zeuden, haiek denak Hezkuntza Sailaren zuzeneko ardurapekoak, eta haien artean eredu-aldaketarena, eta horren eragina, baldintza-pleguen bidez, gure lanpostuetan. Hezkuntza Sailak pentsatuko zuen bake soziala izango zuela, behin hitzarmena sinaturik, eta ez genuela jarraituko borrokan. Baina azkenean urtarrilaren 10ean adierazitakoa paper errea izan zen, eta beste hau plazaratu dute: "eskola-jantokien kudeaketa-eredu berriaren ezarpena atzeratuko da, eta ez da hurrengo ikasturtean ezarriko".

Hori horrela, ELAk ere grebak atzeratzea erabaki du. Sailak atzera egin izana garaipen sonatua izan da gure lanpostuak iraunarazteko eta duintzeko borrokan. Dena dela, erne jarraitu behar dugu. Eraso gehiago jasango dugu. Laster batean baldintza-pleguak argitaratuko dira, eta orduan berriro ikusiko dugu borrokaren beharra izango dugun edo ez. Sailaren esku dago, zentzuz jokatzea edo ez, eta horren arabera erantzungo dugu guk.

Horregatik, eta gaurtik aurrera gure lanaren duintasuna aldarrikatzen jarraitzeko, eta Hezkuntza Saila estutzen jarraitzeko, kanpaina bati ekingo diogu. Haren bidez mahai askotan, ikastetxeetan eta kalean gure arazoak plazaratuko ditugu: gure enplegu prekarioa, gure lanaldiak, gure lan-kargak, gure ratioak... Eta bide batez erakutsiko dugu arazo horien eragina gure lanean, eta ondorioz ikasleentzako kalitate pedagogikoan.

Gure gogoko jantoki-eredua honelakoa da: kalitatezkoa, hurbilekoa, ekologikoa eta hezkuntza-komunitateko partaide diren langileekin.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.