2020-07-27 14:31
Sindikatuak ziurtatu duenez, prentsari filtratutako informazioen bidez jakin du Aernnovak bere langileen %20 kaleratzeko asmoa duela. Enpresak "2021eko lehen seihilekora arte iraungo duen doikuntza” hori justifikatu egin du “COVID-19 osteko garaiari” aurre egin behar diola argudiatuta.


ELAk errefusatu egin du Aernnovak plantillaren %20 kaleratzeko asmoa - "COVID-19 osteko aroari" aurre egiten diola argudiatuta aurrera atera nahi duen doikuntza prozesua-, eta, aldi berean, salatu egin du erabaki horiek nola helarazten diren, komunikabideei filtrazioak eginez eta langileen ordezkariei informaziorik eman gabe. "Langileekiko errespetu falta arau bihurtzen hasi da euskal enpresen jardunean", esan dute. Kaleratzeei aurre egiteko informazioa eta datuak emango dituztela iragarri dute, bai enpresaren aurrean, bai iritzi publikoaren aurrean.

Egoera honen aurrean, ELAk honako hau adierazi du:

Enpresak milioi bat euro banatu ditu akziodunen artean azken ekitaldietan. 2017. urtea hartu genuen adibide gisa: enpresak gehienez 140,8 milioi euro bana zitzakeen, eta 139,4 milioi euro banatzea erabaki zuen. 2020ko urtarrilean, zuzendaritzak 490 milioi euroko kreditua eskatu du, milioi horietako 100 akziodunei dibidendu gisa banatzea da zuzendaritzaren helburua. "Enpresa zorpetzeko prest dagoen zuzendaritza baten irrika islatzen dute zenbaki horiek, akziodunari ahalik eta etekin handiena ateratzeko", salatu dute.

"Egoera koiuntural oro langileen gain uzteko prest dauden enpresa-jarrera horien aurrean", jarrera irmoa eskatzen diete administrazio publikoei, Gasteizko Gobernua buru dutela. "Elite ekonomiko baten interesen defendatzaile izango ez den Gobernua behar dugu". Ildo horretan, uste dute Arantxa Tapia sailburuak soldatak jaisteko gonbita egin eta kaleratzeak egiteko euskal talde handien erabakiak justifikatu izana "gizarte gisa pobretzeko gonbidapena" dela.

Azken hamarkadan langileen klaseak enpresei zergak ez igotzearen, kaleratzea erraztearen eta soldatak jaistearen ondorioak pairatu dituela ziurtatu dute. "Errezeta horrek porrot handia egin du, gure gizarteak ezin du sufrimendu gehiago jasan", gaineratu dute.


Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.