ELAk Hego Euskal Herrirako estatus politiko berriari buruzko ebazpena aurkeztu du, sindikatuaren Nazio Batzordeak ekainaren 2an eta 3an Bilbon egingo den Kongresuan onartzeko eramango duena. Ebazpenaren aurkezpenean ELAren Batzorde Eragileko hainbat kidek hartu dute parte; ildo nagusien berri eman dutenak Mitxel Lakuntza idazkari nagusia eta Ane Zelaia Sindikalizazioko arduraduna izan dira; azken honek defendatuko du testua Kongresuan.
Zelaiak gogoratu duenez, “ELA klase-sindikatu abertzale den aldetik, betidanik parte hartu izan du autogobernuaren inguruko eztabaida nagusietan. 1931ko Lizarrako Estatututik hasi eta gaur arte sindikatuak berretsi du autogobernua ezin dela izan espainiar Estatuaren baitako dezentralizazio administratibo hutsa; aitzitik, tresna eraldatzailea izan behar da, euskal herriaren eskubide sozial, laboral, kultural eta politikoak bermatzeko gauza izango dena. Tresna horretatik haratago, ELAren hautu estrategikoa gehiengo sozialaren zerbitzura izango den Euskal Errepublika burujabea da”.
Hain zuzen, Ane Zelaiak honakoa ohartarazi du: “ELAk ez du ontzat ematen estatus politiko berria egungo markoarekiko hobekuntza txiki bat izatea; ezin da izan indarrean den ereduaren berrikuspena, ez eta eskuduntzen eguneratze hutsa ere. Bermeak jaso behar ditu Estatuaren aldebakarreko injerentziak galarazteko”.
Gogora daiteke EAEko estatusaren inguruko eztabaida garatzen ari dela burujabetza handiagoaren aldeko gehiengo politiko abertzale nabarmenarekin batera. “Ezin da onartu -azpimarratu du Zelaiak- indar abertzale batzuek PSEri beto eskubidea ematea Madrilen negoziatuko denari buruz”. ELAren Kongresuan proposatuko den ebazpenak salaketa bat egiten du: Nafarroan “are larriagoak dira egungo autogobernu esparruaren gabezia demokratikoak. LORAFNA 1982an onartu zen, herri-erreferendumik egin gabe, eta horrek zilegitasun-defizita sortzen du, oraindik ere irauten duena. Horri euskararen egoera gehitu behar zaio, bere egungo estatusa mugatua eta diskriminatzailea baita, Nafarroako lurralde osoan ofizialtasunaren aitortza erabatekoa ez duelako”.
Mitxel Lakuntza: “alderdien eliteen artean akordioak ezkutuan ixteko arriskua dago”
Bere aldetik, idazkari nagusiak abertitu duenez, “ELAk ez du onartzen prozesuaren kudeaketa elitista bat; benetan demokratikoa den eredu bat aldarrikatzen du, non langileriak eta klase herrikoiak protagonista izango diren eta beren nahiak eta interesak baliarazi ahal izango dituzten”. Hori dela eta, EAErako balizko estatus berri batek “berrespen demokratikoa izan beharko luke, marko berri oro herritarren bozketa bidez berretsi behar baita”. Gainera, ELAk defendatuko du “Euskal Herria bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duen subjektu politiko gisa, Estatu independente izateko aukera barne”. Horrek eskatuko luke Euskal Herria nazio moduan aitortzea eta euskarak lurralde guztian ofizialtasun betea izatea, normalizaziorako berme eraginkorrekin.
Sindikatua den heinean, ELAk ebazpen honetan lan- eta gizarte-gaietan eskumen legegile osoa, babes eta gizarte segurantzako tresna guztiak, sektore publikoko langileen lan baldintzak arautzeko ahalmena eta negoziazio kolektiborako euskal esparruaren onarpena eskatzen ditu. Honek, halaber, ekarriko luke “gehiengo sozialen zerbitzura izango diren politika fiskalak, aurrekontu-politikak (...) diseinatzeko eskumen osoa, kapitalaren eta Estatuaren interesen menpe egon gabe”.
Ebazpenean, besteak beste, aipatzen da ELAren “bokazio konfederala: Euskal Herriko lurralde guztien arteko lankidetza tresnak ahalbidetuko dituen marko juridiko eta instituzionalerantz irekitzea”.
Lakuntzak gogoratu duenez, “subiranismo sozialaren aldeko sindikatua garen aldetik, lehentasunezkoak dira eskari sozial eta laboralak: lan-legedia propioa, bertoko gizarte-segurantza, zerga-politika birbanatzailea… Gure helburu politikoak zentzua du baldin eta langile-klasearen eta gehiengo sozialaren beharrizan konkretuei egokitzen bazaie”.
Ebazpenean jasotako konpromisoak:
Horrenbestez, Nazio Batzordeak nabarmendu duenez, “ELAk ez du onartuko egungo estatusaren azaleko aldaketarik. Ez dugu ontzat emango edozein akordio, sinatzen duenak sinatzen duela ere. Euskal Herriaren aitortza nazionalean aurrera egingo duen, autogobernua modu erreal eta bermatuan areagotuko duen eta langile-klasearen interesei mesede egingo dien marko berri baten alde egiten dugu. Gure konpromisoa da herri proiektu burujabe, feminista, euskaldun, anitz eta justu batekin”.