2023-01-16 10:52
Kalkulua 25 urtetik 30era pasatzeak pentsioetan 2011ko murrizketari beste bat egitea ekarriko du (orduan % 5ekoa izan zen), eta are eragin handiagoa izango du emakumeentzat eta kolektibo prekarizatuenentzat. ELAk gogorarazi du neurria Europako funtsak jasotzeko xantaia politikoaren ondorio dela.

ELAk eskatu die Kongresuan ordezkaritza duten Euskal Herriko alderdiei konpromisoa har dezatela pentsioen kalkulatzeko kotizazio epea ez handitzeko. Neurri horrek asteak daramatza Sanchezen gobernuaren mahai gainean, eta Next Generation funtsak eskuratzearen truke onartutako xantaia politikoa da. Mitxel Lakuntzak, ELAko idazkari nagusiak, hala adierazi du prentsaurrekoan, Mikel Noval eta Janire Landaluzerekin batera (ELAko Azterketa Bulegoa).

Pentsioak kalkulatzeko kotizazio epea luzatzeak etorkizuneko pentsioetan murrizketa handia suposatuko duela azpimarratu du Lakuntzak. Izan ere, Sanchezen gobernuak berehala onartu nahi du pentsioen erreforma, egungo 25 urteko kalkulu epealditik 30 urtekora pasatzeko. “Oso larria da hori: ezkerrekoak deitzen diren alderdiek eskuinaren neurriak bultzatzen dituzte”. Horren aurrean, ELAko idazkari nagusiak Hego Euskal Herrian ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiei, eta, bereziki, EH Bilduri, Unidas Podemosi, EAJri eta Geroa Bairi, eskatuko die “konpromisoa har dezatela pentsioa kalkulatzeko urte kopurua luzatzeari uko egiteko”. Eta 2011ko eta 2013ko murrizketetan atzera egiteko eskatu die, baita pentsioen finantzaketa kotizazioetara ez dadin mugatu ere: “Pentsiodunen kopurua handitzen bada, onartu behar da aberastasunaren zati handi bat pertsona horiei bideratu beharko dela, bestelako murrizketarik egin gabe”.

Pentsio txikiak eta prekarietatea

Bestalde, Janire Landaluzek salatu du pentsioak txikiegiak direla eta hori dela benetako arazoa: “2022ko azaroan batez besteko pentsioa 1.356 eurokoa zen EAEn. Nafarroan 100 euro txikiagoa (1.256). Pentsioen zati handi bat pobrezia jasateko mugaren azpitik dago, bereziki emakumeei eragiten die: batez besteko pentsioa 1.056 eurokoa da EAEn eta 977 eurokoa Nafarroan, gizonek baino 600 euro gutxiago jasotzen dute emakumeek.

Landaluzek gogorarazi du ELAk, beste erakunde batzuekin batera, greba orokorrak deitu zituela 2011n eta 2013an pentsioen erreformen aurka. 2011n, CCOOk eta UGTk erretiro adina atzeratzea adostu zuten Zapaterorekin, eta pentsioa kalkulatzeko 15 urte zenbatzetik 25 izatera pasatzea. “Hamarkada bat baino gehiago daramagu murrizketa handi horietan atzera egiteko eskatzen, 65 urterekin erretiroa hartu dadin, 15 urte kontuan hartzeko pentsioa kalkulatzerakoan eta ez 25 urte, pentsioaren % 100 kobratzeko 35 urte kotizatuta (eta ez 37)... Horren ordez, Pedro Sanchezen gobernuak murrizketa gehiago adostu ditu Europar Batasunarekin, pentsioen kalkulua 25 urtetik 30era pasatzeko”. ELAk 2011ko erreforma indargabetzea eskatzen du, eduki antisozialetan ez sakontzeko.

Mikel Novalek azaldu duenez, urte kopurua handitzeak pentsioak murriztea dakar, bi arrazoirengatik: “Lehenik eta behin, kalkuluari gehitu nahi zaizkion urteak kotizazio oinarri txikiagoarekin egiten dira. Bigarrenik, kotizazio epean kotizatu gabeko hilabete eta urte gehiago sartuko dira, eta horrek eragin negatibo handia izango du pentsioan. Horrela, urte kopurua handitzeak gehiago zigortzen ditu prekarizatuenak, kasu gehienetan emakumeak”. Espainiako Bankuak berretsi du hori, 15 izatetik 25 izatera igaro izanak batez beste % 5eko murrizketa ekarri baitu, eta emakumeentzat are handiagoa izan da kaltea (% 5,4), gizonen %4,8ren aldean.

Elkarrizketa soziala eta mobilizazioak

Mitxel Lakuntzaren ustez, pentsioen elkarrizketa sozialak balio du murrizketa berriak babesteko: "Elkarrizketa soziala sindikatuek burua makurtzeko, murrizketak onartzeko eta bake soziala bermatzeko da". UGTren eta CCOOren babesa Sanchezen Gobernuarentzako “tramite hutsa” dela uste du.

ELAko idazkari nagusiak mobilizazioaren beharra azpimarratu du, konkista sozialetan aurrera egiteko tresna gisa. “Kalean jarraitu beharko dugu. Mobilizazio sozialak funtsezko zeregina izan behar du eta erreforma honen larritasunak Euskal Herriko sindikatu eta erakunde sozial guztiak interpelatu behar ditu”.

 

Irakurri txosten osoa

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.