2020-03-21 09:04
Onartezina da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak men egitea eskumenak zapaldu eta enpleguaren kontsolidazioa airean uzten duen Espainiako Gobernuaren planteamenduari , bereziki, Europatik martxoaren 19an bertan jasotako epaiaren ondoren.

Martxoaren 20an unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen estatuko negoziazio mahaiaren gai ordeneko puntu nagusia behin behineko enpleguaren egonkortasunaren egoeraren azterketa izan zen.

Atzokoan Europatik beste behin konfirmatu bazuten ere Espainiar estatuan behin behineko kontratazioaren gehiegizko erabilpena egiten dela eta hain zuzen ere hori gertatzen dela Espainiar legediak hori hala izan dadin ahalbideratzen duelako, gaurko bileran, beste behin ere, behin behineko langileen kontsolidaziorako mekanismoak ahalbidetzeari uko egin dio Espainiar Gobernuak.

ELA-tik beste behin ere salatu dugu planteatzen diren edukiek Komunitate Autonomoen eskumenak urratzen dituztela, izan ere bai Eusko Jaurlaritza eta baita Nafarroako Gobernua ere hezkuntzaren gaineko eskudun dira eta hala diren heinean beren gain hartu beharko lituzkete irakaslegoan dauden beharren inguruko erabakiak bai eta pertsonal horren sarbiderako sistema egokienak ere. Erkidego guztietan jarraitu beharreko oposizio eredua zein dei daitekeen lanpostu kopurua mahai honetan erabaki eta mugatzeak, EAEko eta Nafarroako irakaskuntzako negoziazio mahaiak eta hauen negoziazio ahalmena arriskuan jartzen ditu. Hau negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren adibide garbia da eta bereziki larria iruditzen zaigu Gasteizko eta Iruñeako Gobernuek men egitea beraien hezkuntza eskumenak mugatzen dituzten planteamenduei.

Horrela, salatu dugu egun Estatutik ezarri eta bai Eusko Jaurlaritzak eta baita Nafarroako Gobernuak ere onartzen duten ereduarekin, ez dela bermatzen egun urte luzez behin behinekotasunean diharduten langileen kontsolidazioa. Oposizio faseko frogek izaera kanporatzailea dutelako, eta lehiaketa fasean lan egindako denborak duen pisua ez delako nahikoa berme. Lan esperientziagatik lor daitekeen gehienezko puntuazioa 7koa da (orokorrean 5ekoa izan ohi denean), baina lan egindako urte bakoitzeko puntuazioa txikiagoa. Antzinakotasuna gehiago baloratzen den arren, hezkuntza zerbitzua emateko behin behineko moduan erabili diren milaka langileren lanpostuak airean daude. Gainera, ez da inolako mekanismorik ezartzen egungo behin behinekotasun tasa onartezinak ez errepikatzeko.

Guzti honekin, ELAk hezkuntza eskumenak babesteko deia luzatzen die Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari, bakoitzak bere behar eta egoeraren araberako oposizio eredua zein lanpostu kopurua deitzeko aukera izan dezan.

Horretaz gain, ELA-k berriro aldarrikatu du plantilen kontsolidazioan oinarrituko den enplegu eredu bat finkatzea. Horretarako, behin behinekotasuna %6ra jaisteko, egun urte luzez behin behinean diharduten langileen kontsolidazio prozesu bereziak eta etorkizunean behin behinekotasuna haztea ekidingo dituzten neurriak negoziatzea aldarrikatu ditu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.