ELAk aspaldidanik eskatu die Segurtasun sailari, izan diren sailburuei eta Arkauteko Akademiako arduradunei alda ditzatela ertzainak hautatzeko hautaketa eta ebaluazio prozesuak.
Esaterako, 2019. urtean sindikatuak protesta adierazteko ez zuen parte hartu 27. promozioaren diploma banaketan. Orduan Akademiako zuzendariak ez zuen borondaterik agertu ELAk haren mahai gainean jarritako gertakari oso larriak ikertu eta zuzentzeko, diskriminazio egoerak izan baitzitezkeen, genero, sexu-aniztasun, jatorri zein beste arrazoiengatik. Aurrerago, sailak amore eman ez zuenez, sindikatuak Gasteizko Administrazio-Auzitegian demanda sartu zuen; honek egiaztatu zuen salatutako diskriminazioa benetan gertatu zela. Epai haren kontrako helegitea jarri zuen sailak EAEko Goi-Auzitegian, baina atzera bota zioten.
ELAk, gainera, Ertzaintzaren azken bi promozioetan, hain zuzen 30. eta 31.ean, eskabide judiziala egin du oposizio faseko elkarrizketa pertsonala baztergarria izan ez dadin; izan ere, froga honek beti baitu subjektibotasun kutsua, oposizio fasearen objektibotasuna eragozten duena.
ELAk Segurtasun sailari galdegin dio premiaz alda ditzala hautaketa eta ebaluazio prozesu opaku horiek. Ertzaintza gertukoa izan dadin eta estandar altuak bete ditzan poliziek gizartearen aniztasuna islatu behar dute. Horregatik, sindikatuak berriro aldarrikatu du soziograma baztertzea eta elkarrizketa pertsonala baztertzailea ez izatea. Halaber, Akademiako prestakuntza prozesua ere berraztertu behar da, bermatzeko ertzain guztiek hizkuntz-eskubideak errespetatuko dituztela, baita LGTBI jendearen eskubideak ere.
Bestalde, ELAk exijitzen du azken bururaino iker daitezela Akademiako eta Saileko arduradunek egitez edo ez-egitez egin ahal izan dituzten irregulartasunak.
Sindikatuak, orobat, jakin nahi du zer dela eta utzi zuten kargua Akademia duela hilabetera arte gidatzen zuten bi pertsonek.
Azkenik, ELAren helburua da gizartean eztabaida bati ekitea Arkauten eman beharreko trebakuntzaren eta herri honek behar duen polizia ereduaren inguruan; hain zuzen, berau kokatu behar da Segurtasun sailak azken urteetan sustatu duen ereduaren antipodetan.