2025-05-20 13:29
ELAk Ameriketako Langileen Konfederazio Sindikalak maiatzaren 15etik 17ra Dominikar Errepublikan 'Ameriketako sindikalismo soziopolitikoa langile klasea defendatzeko eta demokrazia zabaltzeko' lelopean egin duen 5. Kongresuan parte hartu du.

Kongresuak kontinenteko 400 ordezkari baino gehiago bildu ditu, baita beste kontinenteetako erakunde gonbidatuak ere. Duela gutxi hil den Pepe Mujicaren omenez egindako Kongresuak mugarri bat ezarri zuen sindikalismo kontinentalaren historian: lehen aldiz, emakumeen parte-hartzea handiagoa izan zen gizonena baino.

Joseba Villarreal, ELAren ordezkari gisa, Kongresuan izan zen. Bere hitzaldian adierazi zuen langile klaseak aurre egin beharreko arazoak berdinak direla leku guztietan eta konponbidea langileen antolaketan dagoela. Hala, boterea kontraboteretik eraikitzearen eta langileekin egotearen garrantzia azpimarratu zuen. Villarrealek Gaza aipatu zuen hitzaldiaren amaieran, eta han gertatzen ari dena genozidioa dela azpimarratu zuen, nahiz eta batzuek gerra terminoa erabiltzen duten Zerrendako biztanleen aurkako basakeriak aipatzeko.

Ameriketako Langileen Konfederazio Sindikalaren (CSA) 5. Kongresuak Idazkaritzako, Kontseilu Exekutiboko, Kontseilu Fiskaleko eta Gazteriaren eta Emakumeen Batzordeetako kideak aukeratu zituen hurrengo lau urteetarako. Zuzendaritza aho batez hautatu zuten kongresuan bozkatzeko eskubidea duten afiliatuen ordezkariek, abstentziorik gabe edo boto zuririk gabe. Rafael Freire (CUT-Brasil) Idazkari Nagusi bezala berrautatua izan zen eta Fred Redmond (AFL-CIO), Konfederazioko presidente bezala.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.