2019-07-04 14:14
Kongresuan izan den bileran Mitxel Lakuntzak nabarmendu du beharrezkoa dela lan erreformak zein pentsioen murrizketak indargabetzea. ELAk proposatzen du 1.200 euroren gutxieneko soldata, aurrekontuen legea indargabetzea eta politika errepresiboak amaiaraztea.

ELAren delegazio bat, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia buru zuela, Kongresuan bildu da Unidas Podemos talde parlamentarioarekin, honek eskatuta; bileraren xedea, egoera politikoa aztertzea, batik bat osatzear den Espainiako Gobernuari dagokionez.

Madrilgo hitzorduan ELAk adierazi du ezinbestekoa dela aurrekontu, gizarte eta lan politikak zeharo aldatzea, baita espainiar Gobernuak autogobernuari zein herrien erabakitzeko eskubidearekiko errespetua agertzea ere. Horretarako, ezker politikoak indarrean dauden poltika neoliberalen aurka lan egin behar du (arlo sozioekonomikoan eta aurrekontuen inguruan). Bestela, ezkerrak testuinguru hori onartzen badu (gastu arau, besteak beste), murrizketen intentsitatea negoziatzea besterik ez du egingo. ELAk uste du ezker politikoak pedagogia egin behar du eta bere alternatibak erakutsi.

ELAren iritziz hori lehenbailehen gauzatu beharko litzateke honako neurrietan:

Pentsio publikoen igoera nabarmena; 2011 eta 2013ko erreformetan ezarritako murrizketak bertan behera utzi (65 urteko erretiro adinera itzuli, aldez aurre jubilatzeko aukera erraztu, pentsioen eros-ahalmena bermatu, pentsioa kalkulatzeko oinarritzat 15 urteko epealdia hartu, edota iraunkortasun faktorea kendu), gutxieneko pentsioa 1.080 euroan ezarriz.

Lan eskubideak eta negoziazio kolektiborako eskubideak berreskuratu; honetarako Zapaterok eta Rajoyk ezarritako lan erreformak indargabetu. Eskubideak bere onera itzuli eta hitzarmenen mugagabeko ultraaktibitatea berrezarri ez ezik ezinbestekoa da negoziazio kolektiborako eskubidea babestea, lurralde mailako hitzarmenei estatuko akordioekiko lehentasuna emanez, eta eragotziz beheragoko eremu bateko hitzarmenak eremu orokorrago batean ezarritako baldintzak okertzeko aukera.

Hilean 1.200 euroren gutxieneko soldata ezarri.

Aurrekontu- eta Finantza-Egonkortasunerako Legea indargabetu, batik bat defizit eta zor publiko muga, zein gastu-araua, horrela aurrekontu-politika hedakorrei atea irekiz eta Autonomia Erkidegoak nahiz gainerako administrazioek aurrekontuak egiteko dauden eragozpenak kenduz.
Politika zentralizatzaileetan atzera egin; hauek azken hamarraldietan Oinarri Legeen eta botere judizialaren bidez gauzatu dira (esaterako, Auzitegi Konstituzionala medio); izan ere, politika horiek erakundeei ebatsi egin diete benetan erabakitzeko aukera, eta espainiar gobernuak hartutako erabakien kudeatzaile administratibo huts bilakatu ditu haiek.

Autodeterminazio eskubidearen aitortza, eta Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Markoaren garapena, euskal langile-klaseari eragiten dioten erabakiak Euskal Herrian har daitezen.  

Hainbat eremutan ezartzen diren politika errepresiboen amaiera (Mozal Legea, preso politiko katalanak, euskal presoak...).

Bilera giro adeitsuan izan da; ELAk aintzat hartzen du Kongresuko Unidas Podemosen taldeak agertu duen jarrera irekia. Orain taldeak aipatutako aldarrikapenak gauzatze aldera dagozkien negoziazio-mahaietan landu beharko lituzke.                                             

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.