2019-10-02 12:37
Gaurko egunean ari diren 50 administrari-laguntzailetik 13, luzaroko behin-behinekotasuneko lanpostuetan daude, eta 25, iruzurrezko egoeran. Osakidetzak ez ikusiarena egiten du oraindik ere langile-kidegoen lan-prekarietatearen aurrean. Estatuko 19/2019 Dekretua urratuz, eta Europako erakundeen gomendioei jaramonik egin gabe, Osakidetzak behin-behinekotasuna areagotu du bere lantokietan nahita eta berariaz.

Administrari-laguntzaileek ondo baino hobeto ezagutzen dute Osakidetzaren prekarizazio-joera, ondorioak egunero pairatu behar baitituzte. Prekarietatearen adibide garbia HUACEn dugu, han Osakidetzak Araban dituen administrari-laguntzaileen kopururik handiena biltzen da. Han, behin-behineko langileen kopurua egiturazko postuak bestekoa da, eta egoera hori ez da aldatuko EPEaren ondorioz. Gainera, administrazio-kidegoa gero eta urriagoa da, eta duen lanbide-kategoria dagokiena baino apalagoa da.

Arabako ESIko Zuzendaritzak informazio hori eman nahi ez digunez, ELA sindikatuak bilduriko datuen arabera, Arabako Unibertsitate Ospitaleko Kanpoko Kontsultetako eraikinean (HUACE) lanean ari dira egunero 50 bat administrari-laguntzaile. Horietatik 22 soilik dira Osakidetzaren egiturazko plazak, eta haietako 9tan langile finkoak daude eta 13tan bitarteko langileak, ez finkoak. Beraz, gaurko egunean azken plaza horiek bakarrik finkatu daitezke EPE baten bidez.

Plazetako beste erdietan behin-behineko langileak daude, eta ez dira Osakidetzaren egiturazko postuak, iraupen jakineko kontratukoak baizik, eskuarki zeregin-pilaketaren kontratukoak. Hala ere, behin eta berriz kateatzen dira, zerbitzu horretako eguneroko jarduna aurrera eramateko beharrezkoak baitira. Egoera hori eskandaluzkoa da, eta askotan iruzurrezkoa ere izan daiteke; zeren behin-behineko kontratuen bidez egiturazko beharrizanak —herritarrentzat funtsezkoak— betetzen baitira.

ELAk gogor kritikatu du Osakidetzaren kontratazio-politika, lanpostu egonkor eta finkoak sortu beharrean, behin-behineko kontratazioaz baliatzen delakoan. Osakidetzaren erabaki horrek eragin zuzena du osasun-arretaren kalitatean. Estrategia horren barruko erabakiek (inbertsio publikoak gutxiagotzea, eta EPE-deialdi urriak egitea behin-behinekotasunaren tasa jaisteko behar diren lanpostu guztiak hartu gabe eta zerbitzuaren kalitateari eutsi gabe—) ez dute hobetuko gure osasun-sistemaren egoera kezkagarria.

Beraz, ELAk Osakidetza premiatzen du behar beste lanpostuz hornitzera, egiturazko plazak sortzera, eta lanpostu horiek EPEen bidez betetzera. Halaber administrazio-kidegoaren azterlan bat egin behar da, eta langileek goragoko kategoriaren eginkizunak egiten dituzten postu ugarietan administrari-laguntzaileak administrari bihurtu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.