ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 06a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-09-19 16:30
ELA, Steilas eta CCOOO sindikatuei oso larria iruditzen zaie EuskoJaurlaritzak ikastxeen arteko desorekak aeragotzen dituen neurriak bultzatzea eta hauek gainera irregulartasun larriak eginez gauzatzea. Sindikatuok segregazioa saihesteko dekretua urratzea egotzi diote Jaurlaritzari eta fiskaltzara joko dutela aurreratu dute. Honen adibidea Ordizian gertatutakoa da; 2018-19 ikasturtearako matrikulazio prozesuan irregulartasun larriak eman direla salatu dute.

Sindikatuon agiria:

Begi bistakoa da gure gizartea gero eta anitzagoa dela, begi bistako den bezala aberastasunaren banaketa bidegabearen ondorioz desberdintasun sozialak goruntz doazela. Abagune honetan, Eusko Jaurlaritzak murrizketa politikak aurrera eraman eta gizarte anitza kudeatzeko hartzen dituen erabakiak agerian uzten dute gure politikarien borondatea.

Gure gizartean maiz goraipatzen diren elkarbizitza, aniztasun, inklusio edo berdintasuna sustatzeko ezinbesteko tresna bezala aipatzen da maiz Hezkuntza gure politikarien ahotan. Edonola, hitzak ez dira ekintzekin sostengatzen, eta egoerei aurre egiteko momentuan gure gobernuen ekintzek esandakoaren kontrakoa diote.

Salatzekoa da, aniztasuna modu desorekatuan banatuta dagoela EAE-ko ikastetxeetan. Eta egoera honen aurrean, jakina da aniztasunak sortzen dituen desorekak konpontzeko hezkuntza publikoa ezinbesteko tresna dela. Gainera, gizartearen kohesiorako tresna hoberena ere badela frogatu du euskal eskola publikoak azken 30 urteetan, besteak beste, gehien euskaldundu duen sarea izan baita.

Aldiz, Eusko Jaurlaritzak, behin eta berriro egin du hezkuntza publikoaren kaltetan: murrizketak, hezkuntza lege proiektuaren aldebakarreko lanketa, ikasle ratioen igoera, lanpostu suntsiketa, onartezina den behin behinekotasun maila...

Gure hezkuntza sistemak ezberdintasunei aurre egiteko neurri zehatz eta eraginkorrak zein baliabide gehiago behar ditu eta ez isileko pribatizazioa indartzen duten erabakiak.

Gaurkoan, hemen bildu gara esandakoaren adibide garbi bat salatzeko. Izan ere, Ordizian 2018-19 ikasturtearako matrikulazio prozesuan irregulartasun larriak eman dira.

Ordizian, Eskola Publikoan, Haur eta Lehen hezkuntzan, EAEn jatorria duten familietako ikasleak %63 dira eta jatorri atzerritarra duten familietako ikasleak %37. EAEn eskolatzen diren jatorri atzerritarreko familietako ikasleen %87k Eskola Publikoetan egiten dute eta %13k Ikastolan. Haur Hezkuntzan desoreka oraindik ere handiagoa da, EAEn jatorria duten familietako ikasleak %53 baitira eta jatorri atzerritarra duten familietako ikasleak %47. Jatorri atzerritarreko familietako ikasleen %89 Eskola Publikoan eskolatzen direlarik eta %11 Ikastolan.

Egoera hau izanik, iaz Hezkuntza Sailak 2018-19 ikasturterako Ordiziako Jakintza ikastolak 3 urteko mailan 3.gela ituntzeko egin zuen eskaera atzera botatzea erabaki zuen. Horren ondorioz, planifikaziotik kanpo geratzen ziren 11 ikasleren familiek bigarren aukera moduan aukeraturiko Lazkaoko San Benito Ikastolan matrikulatu zituzten.

Ikasturte honetan jakin dugu ordea, 1/2018 matrikulazio dekretua urratuz, Hezkuntza Sailak 11 ikasle horien matrikulazioa aldatu eta Jakintza Ikastolan matrikulatu zituela planifikatu gabe zegoen gela batetan. Eta horri jarraituz, Jakintza ikastolak 2019-20 ikasturterako 4 urteko mailan 3. gela ituntzeko egin duen eskaera behin behinean onartzea erabaki duela.

Esan beharra dago gainera, planifikazio aldaketa hori Gipuzkoako lurralde ordezkaritzako 2 teknikari desbedinek eginiko aurkako 4 txostenak kontutan hartu gabe egin dela.

Oso larria iruditzen zaigu Jaurlaritzak desorekak aeragotzen dituen neurriak bultzatzea eta hauek gainera irregulartasun larriak eginez gauzatzea.

Horregatik, gaur hemen bildu garen sindikatuok ( STEILAS, ELA eta CCOO) aipaturiko praktika hauek salatzera gatoz. Ez dugu gure eskola publikoaren kontrako lege urraketa honen aurrean ezikusiarena egingo eta gai honekin fiskaltzara joko dugula jakinarazi nahi dugu gaur hemen.

Eskola publikoaren kontrako erasoen aurrean tinko mantenduko gara, ez konplize. Argi dugulako, iruzur honen atzean erabaki politikoak daudela, gure euskal eskola publikoaren kontrako erabaki politikoak alegia.

?



?

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.