2020-04-23 12:02
Aurreko urteetan bezala sindikatu bakoitzak Maiatzaren Lehenaren aurretik nahiz egunean bertan bere ekimen propioak antolatuko baditu ere, aurten irudi komun bat partekatuko dute egungo salbuespen egoeran mezu komuna emateko. Izan ere, denak bat datoz koronabirusaren krisiak eta aurretik bizi dugun krisi sistemikoak sindikalgintzaren erantzun bateratua behar duela.

Krisi larriaren erdian, Maiatzaren Lehenean sindikatu bakoitzak propio antolatuko dituen ekintzez gain, mezu deialdi bateratua ere egin diote aurten ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru eta Etxaldek langile klaseari: sindikatu guztiek Maiatzaren Lehenerako adostu duten ikur bateratua leihoetan eta balkoietan jartzea, langileon indarra eta aldarrikapena ikustarazteko.

Hala, Maiatzaren Lehena modu koloretsu batean aldarrikatu eta ospatu nahi dute. “Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun beltzaren aurrean, guk bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi dugu, etorkizun koloretsu eta dinamikoa”, azaldu dute. Herritarrei dei egin diete aipatutako irudia nork bere balkoian edo leihoan jartzeko, izan inprimatuta, izan eskuz egina.

Gehitu dutenez, irudi hori sindikatu bakoitzak propio plazaratuko dituen gainontzeko kartel digital, bideo eta euskarrietan ere presente egongo da.

ELA â€' LAB â€' ESK â€' STEILAS â€' HIRU - ETXALDE

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.