2018-09-28 12:00
`Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea´ lelopean, lan istripu eta heriotzen atzean dagoen prekarietate larria salatu dute Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean egindako kontzentrazioan. Egoeraren larritasuna azpimarratu eta horren aurrean arduradun politikoek erakusten duten borondate politiko falta gaitzetsi dute.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUren ohar bateratua:

2018-2019 ikasturtea hasi berria den honetan, Euskal Herrian lan-ezbeharren egoerak nabarmen okerrera egin duela salatu nahi dugu. Datuek diotenez, jarduera ekonomikoa eta langile kopurua baino gehiago hazten ari dira, eta dagoeneko 50 dira aurten hildakoak, hauetatik 34 Euskal Autonomi Erkidegoan eta 16 Nafarroan. Heriotza guzti hauen erdia azken hiru hilabeteetako epean eman da, eta horietako asko prekarietate egoera gordinean edo erraz ekidin zitezkeen gertaeretan. Honez gero, joan den urteko garai berean baino gehiago dira bere lanpostuan bizitza galdu duten pertsonak.

Laneko heriotzak bestalde, iceberg-aren tontorra baino ez dira. Lan-istripu asko eta asko estatistika ofizialetatik kanpo geratzen dira, autonomo, kooperatibista eta garraiolarienak, edo “in itinere”-ak kasu, besteak beste. Enpresariek askotan, mutualitateen laguntzaz eta ardurak saiheste aldera, lan-istripuak estali edo ezkutatzen dituzte. Besteetan berriz, ziurgabetasun egoeran dauden langileak dira gertakariak salatu ezin dituztenak.

Halaber, lan-gaixotasunen azpi-erregistroa eskandalagarria da. Iturri batzuen arabera, lan-istripuan hildako langile bakoitzeko 35 langile hiltzen dira lan-gaixotasunen ondorioz. EAEn aldiz, lanarekin lotutako 25 minbizia kasu soilik jaso dira azken bost urteetan, eta 2017an bakar bat ere ez. Ondorioz, argi dago datuak ez datozela inolaz ere errealitatearekin bat, zer esanik ez sektore feminizatuetan ematen diren eritasunei dagokienean.

Baina, zer ari da gertatzen?

  • Lan-harremanetan estrukturala bihurtu diren prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa daude oinarrian: erreforma laboralak, lan-baldintzen atzerakada, aldi-baterakotasuna, kontratazio partzialak, gehiegizko lan erritmoak... Horrela, lan-istripuen erdia lehen bi hilabeteetan ematen dira, eta hildakoen herena azpikontratetan.
  • Lan osasunera bideratutako gastu publikoa oso urria da. Arlo honetara bideratutakoa EAEko aurrekontu osoaren %0,01 inguru besterik ez da, eta zati handi bat eragile sozial jakin batzuen arlo honetako jarduera bermatzera doa.
  • Erakunde publikoek beste aldera begiratzen dute. Ez dute enpresarien interesen aurka egin nahi, eta arau hausteak etengabeak izanik, ez dago behar adinako kontrol eta zigorrik. Lan-ikuskaritza eskualdatu zen arren, inspektoreen ratioa europako bataz-bestekoaren erdia da oraindik ere. Gainera, enpresentzat askotan errentagarrigoa da isunak ordaintzea neurri eraginkorrak ezartzea baino.
  • Enpresariek haien irabaziak lehenesten dituzten heinean, lantokietako inbertsio falta erabatekoa da. Krisiaren aitzakian, segurtasun neurrietara bideratutakoa hutsaren hurrengoa izan ohi da. Langileon osasunaren kontura aberasten dira.

Zer eskatzen dugu?

  • Enplegu duina eta kalitatezkoa, etxera bizirik heltzeko eskubidea bermatuko duena. Erakunde publikoen ardura nagusienetakoa da hori, haien esparruan batez ere.
  • Lan osasun politikak errotik aldatzea. Eraginkortasun-eza frogatu duen elkar-hartze sozialarekin apurtu behar da, lan-osasunera bideratutako baliabide ekonomikoak handitu eta politika errealetara bideratu.
  • Enpresen gaineko kontrola areagotzea. Lan-istripu hilgarri gehienak harrapaketa edo erorketen ondorioz gertatzen dira. Jarduera arriskutsuen jarraipena egiteko ezinbestekoa da lan-ikuskaritza eta Osalan-go giza-baliabideak Europako bataz-bestekora berdintzea.
  • Lan-gaixotasunen gaineko iruzurra borrokatzea. Horretarako beharrezkoa da EAEn babes-sozialerako esparru propioa garatzea.

ELA-LAB-ESK-STEILAS-EHNE eta HIRU sindikatuok lan-istripuei erantzun bateratua emateko elkarlanean dihardugu. Halaber, egoeraren larritasuna eta borondate politiko falta ikusirik, mobilizazioa beste biderik ez dugu ikusten.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.