2020-10-12 11:55
ELA-k eta langileek, beste behin, legez kontrako edozein erabaki auzitara eramango dela argi utzi nahi dute

Azken orduetan sektorean sortu den nahasmena ikusita eta pilotariren bat partida batera greba egiteagatik ez agertzeak izan ditzakeen ondorioei dagokienez, berriro ere azpimarratu nahi dugu urriaren 6ko prentsa-oharrean adierazitakoa. Baiko Kirola SL enpresaren eta bere langileen arteko gatazka konpondu arte, greba-deialdi bat dago mahai gainean eta horrek langileak babesten ditu grebarako eskubidea gauzatzearen ondorioz gerta litezkeen ordezkapen edo errepresalien aurrean. Berriz ere gogorarazi nahi dugu grebarako eskubidea pertsonen oinarrizko eskubidea dela, Askatasun Sindikalaren Lege Organikoan jasota eta, ondorioz, bereziki babestua dagoena.

Hori dela eta, ezein kirol-erregelamenduk edo araudik ezin ditu jaso oinarrizko eskubide baten aurkako xedapenak. Hau da, ezein epaile, enpresa edo kirol-agintarik ezin du hartu greba egingo duten langileen oinarrizko eskubideei kalte egiten dien erabakirik.


ELA-k, berriz ere, argi utzi nahi du edozein pertsona fisikok, enpresak edo sozietate-taldek greba eskubide horren edo langileen aurkako erabakirik hartuko balu, edo eskubide hori mugatu edo kaltetzen duten erabakiak hartuko balitu, epaitegietara joko duela oinarrizko eskubideen babeserako akzioak egikaritzeko, eta kasuan kasuko erantzukizun ekonomikoak erreklamatzeko. Jakina, pilotariren bati partida galdutzat emango balitzaio greba egin duelako, hau ere grebarako oinarrizko eskubidearen urraketa bat litzateke eta, ondorioz, erabaki horren eta erabaki hori hartu duen edozeinen aurkako neurri gogorrak hartuko dituzte bai ELA-k eta bai langileek.


ELA-k zuzendaritzari eskatzen dio fede onez eta akordioak lortzeko borondatearekin negoziatzeko eta egiten dituen adierazpen publikoen tonua jaisteko, azken horiek ez baitute batere laguntzen akordioak lortzeko giro lasaia sortzen.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.