2025-06-05 09:11
Ingurumenaren Nazioarteko egunean, ELAk txosten bat aurkeztu du eraldaketa ekosozialerako bidean sakontzeko, hitzarmenetan jasotzen hasi diren proposamenekin. Horrela, 16.Kongresuan onartu berri den Ponentziaren lan ildoekin bat eginez.

ELA trantsizio ekosozialerako klausulak ezartzen ari da hitzarmenen negoziazio kolektiboan, langileekin aldez aurretik adostutako neurriak. Prentsaurrekoan aurkeztutako txostenaren arabera, ELAk adierazi du aldaketak egin direla Bizkaiko garbiketan edo Gipuzkoako egoitzetan. Kolektibitateen sektorean ere (eskola publikoetako jantokiak) etorkizuneko negoziazioetarako lanean ari dira. Plataforma orokorrean, halaber, klausula espezifikoak onartu dira etorkizuneko hitzarmenetarako.

Krisi ekologikoak aldaketa ekarriko du ekoizpen, mugikortasun eta kontsumo ereduan, eta horrek zuzenean eragingo dio enpleguari, eta, aldi berean, eragin desberdina izango du sektoreka, sindikatuak ohartarazi duenez: “batzuk indartu egingo dira, eta beste batzuk murriztu edo desagertu”, azaldu du Ainhara Plazaola ingurumen arduradunak. Horregatik, ELAren helburua irtenbide justua ematea da: enpresaren jarduera eraldatzea, langileak beste jarduera batzuetan birkokatzea eta diru-sarrera duinak bermatzea. “Eredu berri honek langile klasearen eta gehiengo sozialen interesak lehenetsiz eraikitzea eskatzen du”, aldarrikatu du Aitor Murgiak, Azterketa Bulegoko arduradunak.

Trantsizio ekosoziala funtsezko gaia da ELArentzat, eta hala erakutsi nahi izan du ospatu berri duen 16.Kongresuan. Azken urteotan egindako lanari jarraituz, ibilbide-orri bat definitu du bi norabidetan: batetik, gobernuei eta administrazio publikoei lege-aldaketa sakonak eta aurrekontu-baliabide nahikoak eskatuko dizkie. Gobernuek politika ekonomikoa eta industriala zuzendu behar dute, jarduera sozialki onuragarriak sustatuz, herritarrentzako erabilera-balioarekin eta ingurumen-inpaktu txikiagoarekin. "Hori bateraezina da Pradales eta Chiviteren gobernuek armagintzari ematen dioten bultzadarekin", adierazi du Murgiak.

Bestetik, eguneroko ekintza sindikalean urrats zehatzak emateko erabakia hartu du ELAk, adibidez, lehen aipatutako Negoziazio Kolektiboan. Hitzarmen kolektiboen etorkizuneko negoziazioetarako ELAk bere plataforma orokorrean sartu dituen klausulak gai hauen ingurukoak dira:

  • Informaziorako eskubidea bermatzea
  • Ingurumen-adierazleak hobetzeko planak egitea
  • Karbono aztarna murrizteko planak ezartzea
  • Mugikortasun-planak bermatzea
  • Ingurumen-ordezkariak izendatzea

Prozesu hau 2024an aurkeztutako analisiaren eta Hego Euskal Herrirako ekonomiaren Trantsizio Ekosozialerako Proposamenaren baitan kokatzen da. Ordutik, ELAk honako eskakizunak egiten dizkio enpresei:

  1. Berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioei, hondakinei, energia fosil eta berriztagarrien erabilerari eta ur-kontsumoari buruzko informazioa ematea
  2. Adierazle horiek hobetzeko planak ezartzea
  3. Enpresetako mugikortasun-planak egitea
  4. Erosketa arduratsu “berdea” eta lokala
  5. Lantokietako jantokietako elikagaien subiranotasunean aurrerapausoak ematea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.