2019-05-13 09:20
Bilboko Udalaren 010 zerbitzua eskaintzen duten langileak grebara doaz euren lan baldintzak hobetzea exijitzeko. Zerbitzu publikoa kudeatzeko ardura duen enpresa Lanalden S.A. da.

Langileek eskatzen dute opor egunak hartzeko antolakuntzan hobekuntzak izatea, soldata igoerak eta zerbitzua eskaintzeko langile bat gehiago lortzea. Horretarako greba egunak deituta dituzte maiatzaren 13, 14, 20 eta 21erako.

Enpresak ez du negoziaziorako asmorik erakutsi. Hasiera batean negoziazio bilerak izateari uko egin zion, baina lehen greba deia egindakoan bilera bat izatea onartu zuten. Bertan jakinarazi zuten euren irabazi ekonomikoen ez dutela ahalbidetzen baldintzak hobetzea eta beraz negoziatzeko aukerarik ez dela esan zuten.

Euren luzatutako dokumentuak aztertuta eta Udalak enpresari ordaintzen diona kontrastatuta baina, argi ikusten dugu langileen eskaerak aintzat hartzeko gaitasuna badutela.

Udalak bere aldetik, zerbitzuaren ardura duen sailaren bidez, langile eta sindikatuko ordezkariekin batzeari bizkar eman dio. Eta azpimarratu du gatazka hau ez dela Udalaren gatazka, enpresa eta langileena baizik.

Arduragabekeria deritzogu 010 zerbitzuan gertatzen ari denari irtenbiderik bilatu nahi ez izatea. Izan ere Udalak pliegoen esleipena egitean prezioa igotzea onartu arren, gerora diru publikoaren erabileraren kontrolik ez baita egiten. Kontua da, esleipenaren prezioa hazi arren, langileengan ez duela eragiten eta zerbitzua hobetzeko langile gehiago ez delako kontratatzen.

Bilboko herritarrei jakinarazten diegu greba egunetan, eta goian aipatutako arrazoiak medio, ez dugula zerbitzurik eskainiko eta sortutako eragozpenengatik barkamena eskatzen dugu. Arazo honen erantzulea baina Bilboko Udala eta Lanalden direla argi daukagu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.