2019-06-05 11:48
ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, Lehen Arreta Arnasberritzen plataformarekin batera, deia egiten diete Osakidetzako Lehen Arretako langileei, ekainak 17an deitutako greba jarraitu dezaten. Osakidetzak ez duela proposatu neurri zehatz bakar bat ere osasun zentroetan bizi den egoera larria aldatzeko alatu dute Builbon egindako agerraldian.

Sindikatuen oharra:

Lehen Arretako langileek jarraitutako bi greba deialdien ostean, egunero jasaten duten egoera larria salatzeko eta aldatzeko helburuarekin deitutakoak, Osakidetzak ez du proposatu neurri zehatz bakar bat ere osasun zentroetan bizi den egoera larria aldatzeko.

Apirilaren 12tik, Osakidetzak birritan deitu du mahai sektoriala. Bi bilera horiek nahiko erakusgarriak izan da: Osakidetzak ez du batere asmorik laster Lehen Arretaren egoera larriari heltzeko. Osakidetzaren ahaleginak plantilla desmobilizatzeko baino ez dira izan.

Hori gutxi balitz, astelehenean, atzorako deitutako mahaia bertan behera utzi zuen, aldebakarrez eta horretarako arrazoirik eman gabe. Negoziazioa geldiarazi du eta negoziatzeko borondate eza agertu du. Bere helburu bakarra da erabakiak atzeratzea, gatazkari benetako konponbideak bilatu beharrean.

Gaur egun, Osakidetzak ez du proposatu neurri zehatz bakar bat ere; horren ordez, geroko batean planteamenduak aztertzeko aukera generikoak proposatu ditu. Baina Lehen Arretan ez dugu behar asmo oneko adierazpenik, etorkizuna bermatzeko ganorazko konponbideak baizik.

Hori horrela izanik, Osakidetzaren planteamenduek berretsi digute greba dela gure irtenbide bakarra. Osakidetzak kosta ahala kosta indargabetu nahi du greba; baina gauza bat gero eta argiago dago: mobilizaziorik gabe ez da politika-aldaketarik izango, ezta konponbiderik ere.

Badakigu, gainera, udan, egoera txarrera egingo duela. Hala era, Osakidetzak planteatzen duen konponbide bakarra da osasun zentroetako ordutegia murriztea. Horrela, gizarteari eskaintzen zaion zerbitzua murrizteaz gain, lortzen den bakarra da arazoa beste toki batera eramatea, hain zuzen ere EAG eta ospitaletako larrialdietara.

Egoera honen aurrean, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESKk greba deitu dugu ekainak 17rako, eta Lehen Arreta Plataformarekin batera, Osakidetzako Lehen Arretako langileak deitzen ditugu, greba jarraitu dezaten eta mobilizatu daitezen.

Era beran, ekainaren 17an, goizeko 12tan, Gasteizko Bilbo Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu.

Langiletaz aparte, biztanleria deitzen dugu mobilizazioetan parte hartu dezan, osasungintza publikoa eta Lehen Arreta aldarrikatu eta defendatzeko.

Egoera honi buelta emateko aukera bakarra mobilizazioa da. Osakidetzak bizi duen egoera larriak, berehalako ekintza sendoak eskatzen ditu. Mobilizazioa beharrezkoa da egoera hau aldatzeko, horretarako tresna erabilgarri eta eraginkor bakarra den heinean.

Lehen Arretan lan egiten duten kolektibo guztientzat eskatutako aldarrikapenei irmo eutsiko diegu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.