2020-05-15 11:51
Koronabirusak dagoeneko auzitan zegoen sistema baten krisiaren sakontzea eragin du. Baina ELA sinetsita dago posible dela egoera hau iraultzea, baldin eta beharrezkoak diren aldaketak gauzatzen badira. Horregatik, sindikatuak maiatzaren 14an 'Benetako irteera bat. ELAren proposamen politikoa' izeneko dokumentua aurkeztu zuen, euskaraz. Maiatzaren 19an dokumentuaren aurkezpen publikoa egingo da, gazteleraz.

Hiru izan ziren Onintza Irureta eta Lander Arbelaitz kazetarien galderak erantzun zituzten ELAko ordezkariak: Mitxel Lakuntza, Maialen Aranburu eta Mikel Noval. ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak azpimarratu zuenez, zerbitzu publikoei eta komuna denari balioa eman behar zaio. “Helburu hori lortzeko sarrera publikoak gehitu behar dira. Urtetan publikoa gutxietsi egin da; behin eta berriz esan digute pribatuak hobeto funtzionatzen duela, ezinbestekoa zela liberalizatzea, pribatizatzea eta aurrekontu publikoak murriztea. Egungoa bezalako uneak iritsita, egiaztatzen da benetan funtzionatzen duena, erantzuten duena, publikoa dela”.

Zerbitzu publikoak indartzeko ezinbestekoak dira hainbat gauza errotik aldatzea. Hala azpimarratu zuen gizarte politiken arduradun Mikel Novalek. “Aurrekontu publikoek hazi egin behar dute; ondorioz, diru gehiago bildu behar da zergatan aurrekontu hori elikatzeko; baita sistema fiskal justuago bat eraiki. Euskal Herrian enpresen eta kapitalaren errentek pribilegiozko tratua dute, eta horrekin amaitu beharra dago. Orain inoiz baino premia handiagoa da zerga bidez gehiago eta hobeto biltzea. Soldatapeko ez diren erreten iruzur fiskalari aurre eginez eta bidezko zerga sistema batekin, urtean askoz diru gehiago bideratuko litzateke zerbitzu sozialen”.

Helburu horiek guztiak lortzeko mobilizazioaren beharra azpimarratu zuen Maialen Aranburuk, ekintza sozialeko arduradunak. “Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean bizitzak erdigunean jarriko zituen sistema bat aldarrikatu genuen, eta horri segida eman behar diogu. Horretarako antolakuntza eta elkarlana ezinbestekoak dira. Txaloak ondo daude, baina ez da nahikoa, gauza gehiago behar dira sistema hau iraultzeko”.

Agerraldiaren bideo osoa ikusteko BERTAN SAKATU

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.